NAIZ
DONOSTIA

Euskal preso baten ama Valentzian ospitaleratu dute larri, alaba bisitatzen ari zela

Olatz Lasagabaster presoaren ama Valentziako ospitalean dago joan zen ostiralaz geroztik. Ama izan berri den alaba bisitatzen ari zela ondoezik sentitu zen eta egoera larrian ospitaleratu zuten. Azken orduotan hobera egin du.

Etxeratek azaldu duenez, Mari Carmen Anza Valentziako ospitalean dago urtarrilaren 20az geroztik. Bere alaba Olatz Lasagabaster euskal preso politikoa erditu berria zen eta bisita egitera joan zen. Erietxean bisita egiten ari zela, ondoezik sentitu zen emakumea eta ingresatu egin zuten, egoera larrian, biriketako minarekin. Azken orduotan hobera egin du, «egoera larria izanik ere».

Presoen senideen elkarteak ohar batean salatu du salbuespeneko kartzela politikak Olatz Lasagabaster eta bere senitartekoengan eragiten duen sufrimendua. Bere etxetik 600 kilometrora dago usurbildarra, Picassent-en, eta alaba «bere inguru afektibo eta familiarretik urrun izango da». Haurraren aitak –hura ere presoa–, gainera, ez du alaba ezagutzen oraindik.

Etxeratek adierazi du Mari Carmen Anza alaba eta biloba ikustera joan zela, elurra ari zuela, «oso bidaia korapilatsua eginez». Orain, emakumea ospitalean dagoela, «berarekin egoteko eta medikuekin hitz egiteko, senideek, berriro ere, urruntasunak eragiten dituen zailtasunak gainditu beharko dituzte».

Hau guztia ez da Lasagabasterren espetxeratzearen ondorioa, kartzela politikak «euskal preso politiko eta haien senide eta lagunen kalterako zigor erantsi gisa aplikatzen duen urruntasunaren eraginarengatik baizik». Eta horren ardura zuzena «espainiar Gobernuari dagokio», erantsi du.