NAIZ
BILBO

Getxon ere herri galdeketa egiteko asmoa iragarri dute Gure Esku Dagoko kideek

Hausnarketa prozesu baten ondoren, Euskal Herriko estatus politikoaren inguruko galdeketa egiteko asmoa iragarri eta horretarako bide-orria aurkeztu du Getxoko Gure Esku Dagok.

Ohar baten bitartez, Getxoko Gure Esku Dagok jakinarazi du galdeketa egiteko asmoa duela eta horretarako bide-orria ere aurkeztu du. Hirurehun bat pertsona bildu dira Algorta, Andra Mari, Erromo eta Negurin egindako aurkezpenetan.

«Gure helburua da, udalerri honetako emakume eta gizon garen aldetik, galdeketa prozesu bat martxan jartzeko baldintzak sortzea; era honetan, parte hartuko lukeen pertsona kopurua nabarmenki biderkatuko litzateke, eta ahalduntze-ariketa eta demokrazian sakontze lanean jardungo genuke», adierazi dute, konbentzituta «herritarren ordua dela» eta Getxon galdeketa bat antolatzea «hormak eta harresiak botatzeko eta zubiak eraikitzen jarraitzeko tresna bat gehiago dela».

‘Ados’, ‘Ahots’ eta ‘Abost’ dira lan-egutegian bereizi dituzten faseak; Getxoko Gure Esku Dagok «ezinbesteko baldintzatzat» hartzen du urrats horiek ematea, udalerrian galdeketa egin ahal izateko. Oraintxe ematen ari den ibilbidearen lehenengo zatian zehar, galdeketa egitearekin ados dagoen oinarri soziala sortzea da mahaigaineratzen dutena.

Adierazi dutenez, jendarte-oinarri hori geografikoki, kulturalki eta belaunaldien arabera eratuko litzateke. Hala, galdeketa-prozesuari dinamismoa emango lioketen taldeak sortzea proposatzen dute. Talde horiek hainbat ideologia, jatorri eta kulturatakoak izango lirateke (GUgaz); beste talde bat Getxoko gazteria dinamizatuko lukeena (GUgazteak), eta beste bat (NaGUsiak) Getxon, 60 urtetik goragoko jendearengan, hau da, biztanleriaren %31rengan eragina izan eta barne hartuko lukeena.

Halaber, GUztiok taldea ere sortzea aurreikusten da, «tresna bat beste kultura batzuetatik heldutako pertsonek beren ikuspuntua, ekarpenak eta ilusioa gehitu diezaioten guztiok eraiki nahi dugun Euskal Herriari».

Gure Esku Dagoko arduradunen arabera, behin oinarri soziala egituratuta, plana bigarren fasera pasatuko litzateke, ‘Ahots’, eta herriak hartuko luke protagonismo zuzena fase horretan, «herriak hitz egingo luke, eta sinaduren bitartez galdeketaren proposamena babestuko luke».

«Pentsatzen da [sinaduren bilketa] galdeketako aurrebaldintza izatea; horrek emango lioke galdeketari zilegitasun handiagoa eta udalearrin sozializatuko litzateke» nabarmendu duten.

Eta azkenik, udaratik aurrera garatuko den hirugarren faseaz azalpenak eman dituzte, galdeketaren deialdiaz hain zuzen ere. «Ezinezkoa izango zela esan ziguten, baina egin genuen. 123 kilometro Iruñetik Durangora! Ezinezkoa zela esan ziguten, baina herriz herri sarea ehuntzen hasi ginen, elkarri eskua emanez, hari soil batez ezberdinak lotuz, adostasunak lortuz. Geure eskubidean aurrera eginez, presa barik baina eten barik. Badakigu nora heldu nahi dugun. Bidea elkarrekin egiten jarraitzeko ilusioa dugu, sinetsita gai izango garela aurkitzen ditugun oztopoak leuntzeko», esanez bukatu duten Getxoko Gure Esku Dagoren ordezkariek.