GARA
IDIAZABAL

Abesbatzak eman die hasiera Idiazabalen igandera arte ospatuko dituzten sanblasei

Urtero jaien antolakuntzan ibili ohi den talde batek hartzen du pregoia irakurtzeko ardura. Oraingoan herriko abesbatzari egokitu zaio lan hori eta atzo, Axaria jaistearekin batera, hasi ziren festak.

Idiazabalgo sanblasak herriko festa batzordeen artean antolatu ohi dituzte eta horietako bati egokitzen zaio ospakizunei hasiera ematea. Aurten abesbatzaren txanda izan da. Atzo Axariaren jaitsieran, pregoia irakurri zuten hainbat ordezkarik.

«Urtean zehar eta urteetan zehar, etenik gabe aritzen dira kantuan; ezkontzetan, ospakizun berezietan, Gabonetako kontzertuan, alardean, hiletetan, mezetan... eskatutako guztietan hor izan ohi dira abesbatzako kideak alai eta kanturako prest. Euskal kulturan kantugintzak beti izan du garrantzi berezia eta hori indartzea da udal honen helburuetako bat kultura arloan. Horregatik aitortza hau, abesbatza indartzea nahi dugulako, horretan ari direnei eskerrak eman nahi dizkiegulako eta abesbatza bera ere abeslariz handitzea nahi dugulako», idatzi zuen Ioritz Imaz alkateak bere agurrean.

Abesbatzak festetan parte hartuko du, noski. Hala, gaur goizeko mezan kantatuko du, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko dute. Goizean ere, 11.00etan, 29. San Blas Txirrindulari Lasterketari hasiera emango diote. Lehenik haurrak aterako dira eta handik ordubetera, helduak.

Ordu berean zabalduko dute haurrentzako parkea ere Zelaa kiroldegian, 14.00ak arte. Arratsaldez ere zabalduko dute. 14.30ean, berriz, herri bazkaria izango da. Menuan arkumea eta entsalada dituzte, 5 euroren truke. Horren ostean, kuadrillen arteko jokoak etorriko dira, pilotaleku zaharrean Gaztetxeak antolatuta. Burrunba elektrotxarangaren txanda ere izango da arratsaldean.

18.30ean, berriz, Izarretan Dantzan ikasleen erakustaldia izango da plazan, baita sabel dantza fusio emanaldia ere. Arratsaldean, berriz, Starblues taldeak kontzertua eskainiko du pilotaleku zaharrean. Amaitzean, Gozo-Gozo taldearekin berbena.

Biharkoa, San Blas Txiki eguna, mozorroen eguna dute idiazabaldarrek. Horren baitan Eltziegoko kulturaren parte bat ekarriko dute Goierrira. Izan ere, gaiteroak ibiliko dira goizean eta eguerdian bertako produktuen dastaketa izango da. Bitartean dantzariak ibiliko dira plazan.

14.00etan, herri bazkaria izango da berriro eta, ondoren, XVII. Goitibehera Txapelketa hasiko da. EHIKF-k antolatzen duen Euskal Ligako egutegiko aurreneko proba izango da hau eta haren atzetik etorriko dira Legazpi, Bergara, Antzuola eta Oñatiko ekitaldiak.

Arratsaldean profesionalen pilota partidak izango dira 17.00etatik aurrera. Gaztetxo eta haurrek bitartean ondo pasa dezaten, Xaibor DJak dantzalekua jarriko du pilotaleku zaharrean. Gauean herri afaria izango da, 18 euroren truke, eta eguna amaitzeko Hell Riders eta Altxatu taldeek kontzertua eskainiko dute.

Festak igandean amaituko dira, ekitaldiz jositako egunaren ostean Axaria igotakoan.