NAIZ
BILBO

Fleuryko funtzionario baten lekualdatzea eskatu dute, euskal presoei egindako erasoengatik

«Euskal presoekiko mantentzen duen jarrera ezkorra eta hainbat kidek jasandako erasoak direla medio», hainbat ekimen egin dituzte Fleury-Merogis espetxeko lehen dibisioan dauden sei euskal presoek, funtzionario bat lekualdatu dezatela eskatzeko.

Senideen bitartez Etxeratek jakin ahal izan duenez, hilaren 19an Iñaki Reta elorrioarrari eraso egin zion aipatu funtzionarioak, eta orduan erabaki zuten euskal presoek haren lekualdatzea eskatzeko ekimenak egitea.

«Aurretik, funtzionarioaren jarrera ezagututa, euskal presoekiko mantentzen duen jarrera ezkorra eta hainbat kidek jasandako erasoak direla medio», funtzionarioari dagozkion eginkizunak ez aintzatestea erabaki zuten presoek.

Azaldu dutenez, bisita bat amaituta, Reta miatu nahi zuen funtzionarioak, eta elorrioarrak dibisioko buruari jakinarazi zion ez ziola miaketari uko egiten, baizik eta miaketa funtzionario horrek egiteari uko egiten ziola. Aurpegian jo egin zion Retari, aurrez presoak bera kolpatu zuela argudiatuta.

Aurretik Aitor Elizaran, Ibon Goieaskoetxea eta Joseba Iturbide euskal presoei ere eraso egin diela azpimarratu dute eta, hortaz, funtzionarioa moduluz alda dezatela eskatu dute. «19an gertatutakoa baino larriagoa da espetxeko arduradunen jarrera, eta neurriak hartzen ez baldin badira, euskal presoen esanetan, gehiegikeria eta tratu txarrak errazten dituen inpunitate eremua sortzeko arriskua dago», adierazi du Etxeratek.

Azken asteotan tentsioak eta arazoek gora egin dutela ere esan dute presoek.

Egoera honen aurrean, sei euskal presoek (Iñaki Reta, Tomas Elgorriaga, Andoni Goikoetxea, Mikel Irastorza, Joseba Iturbide eta Jose Javier Oses) gutunak helarazi dizkiote espetxeko zuzendariari, dibisio buruari eta giza eskubideen eremuko hainbat eragileri.

Gainera, protesta gisa, asteazkenean azkenak izan ziren patiora ateratzen eta dibiso buruari idatzi bat eman zioten, erantzun zain jarraitzen dutela gogoratuz. Asteartetik ostiralera, uko egin diote espetxe bazkariari eta astelehenetik ostegunera kartelak jarri dituzte patioan jazotakoa salatzeko.

Era berean, Euskal Herriko hainbat herritan dei egin dute Fleuryko zuzendariari eta dibisio buruari gutunak bidaltzeko.