NAIZ
BILBO

Lakuak gizarte politika alda dezala eskatu dute Bilbon giza kate baten bitartez

«Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua», aldarrikatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta Lakuak gizarte politika alda dezala eskatzeko Bilbon egindako giza katean. Lakuari gizarte politika alda dezala eskatu diote.

Sindikatu eta eragile sozialek gizarte politika alda dezala eskatu diote Lakuari. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Sindikatu eta eragile sozialek gizarte politika alda dezala eskatu diote Lakuari. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Sindikatu eta eragile sozialetako hainbat ordezkarik giza kate bat egin dute gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Hain zuzen ere, Lanbidek Bilbon duen egoitzatik Lakuaren ordezkaritzarainoko bidea egin dute, EAJk eta PSEk osatutako gobernuak gizarte politika alda dezala eskatzeko. Murrizketak salatu eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) Gutxieneko Soldata (SMI) bezain beste igotzea aldarrikatu dute. «RGIa, Euskal Herrian egindako bokorrokarekin lortu dugun eskubidea, errespetatzea eta hobetzea eskatzen dugu», adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

Ainhoa Etxaidek Lakuako Gobernuaren jarrera kritikatu du: «Hauteskunde kanpaina amaitzen denean, diskurtsoak alde batera uzten direnean, politikak egin behar direnean, gobernu batek nor babestu eta nor zainduko duen erakusten du lehenik. Eta Lakuak, EAJk eta PSEk, berriro erakutsi dute merkatua izango dela babestuko duten bakarra, pertsonak beharrean».

«Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua», azpimarratu du Etxaidek. Prekarietatea ez dela lan baldintza kaskarretara bakarrik mugatzen ohartarazi du. «Langileak biluzik uzten dituen sistema bat da prekarietatea, eskubiderik gabe, prestaziorik gabe, merkatuaren eta enpresarien esku. Horrek pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak sortzen ditu», azaldu du Etxaidek.

Egoeraren aurrean «babes soziala eta prestazio sozialak» aldarrikatu ditu. «Pobreziaren kontra borroka dezatela eskatzen dugu, neurriak badaudelako», erantsi du Etxaidek.

Bestalde, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek RGIa 1999an nola lortu zen ekarri du gogora. «Borroka eta greben bitartez, ez administrazioak oparituta». Orain «borrokan jarraitzeko beharra» nabarmendu du.

Lakua, CEOE eta FMIa egin ditu erantzule. «Jendea kontratu errukarriak onartzera behartu nahi dute», adierazi du. «Sortzen den lana errukarria da eta badakite prestazio onak eskainiz gero, jendeak ez lituzkela lan kontratu errukarri horiek onartuko», gehitu du.