NAIZ
Munich

CDU eta CSUk Angela Merkel izendatu dute Kantzilertzarako hautagai moduan

Angela Merkel Kantzilertzarako hautagaia izango da berriz ere. Hala erabaki dute CDU eta CSUk, zeintzuek koalizioan aurkeztuko duten Merkel migrazio politiken inguruan hainbat desadostasun izan dituzten arren.

Merkel izango da CSU eta CDUk osatzen duten koalizioaren hautagaia. (Christof STACHE / AFP)
Merkel izango da CSU eta CDUk osatzen duten koalizioaren hautagaia. (Christof STACHE / AFP)

CDU eta CSUk, Alemaniako bi alderdi kontserbadore handiek, Angela Merkel Kantzilertzarako hautagai gisa aurkeztea akordatu dute. Migrazio politikaren inguruan hainbat eztabaida zeuden arren, Merkel izango da irailaren 24ko hauteskundeetarako hautagai. CSUk Merkel kritikatu du «milioi bat inguru errefuxiatu Alemanian sartzen uzteagatik», baina, hala ere, bera izango da hautagaia.

Munichen egindako bileran, gaur egungo koalizio kidea den SPD garaitzeko bide-orria markatzea zuten helburu. Estrategia gaur aurkeztuko dute Merkel eta CSUko buru den Horst Seehoferek.

Azken asteburu honetan argitaraturiko inkestek lau puntuko aldea ematen dute koalizioaren alde, azken urteetako alderik txikiena SPDrekiko, zeinek bultzada berria jaso duen Europar Parlamentuko lehendakari-ohi den Martin Schulz iraileko hauteskundeetarako hautagai izendatu ostean.

Inkestaren arabera, SPDk bozen %29a jasoko luke eta CDU/CSU koalizioak %33a. Buruz-burukoan, aldiz, %41ak babestuko luke Merkel, eta %38ak Schulz.