GARA
BILBO

«Norbaitek uste du ama gabe uztea Izarren hobe beharrez egiten dela?»

Kontxi Ibarreta, Sara Majarenas preso donostiarraren amak, gutuna igorri dio GARAri Izar bere biloba nola dagoen azalduz eta aste hauetan jazotakoez bere hausnarketak eta sentipenak adieraziz. Idazki gogorra da, familiak pairatu duen drama eta sufritzen duen injustiziaren testigantza, kartzela politikaren krudelkeria biluzten duena.

«Benetan inork uste al du bere aitak labanaz eraso ondoren bi urteko haurra bere ama gabe uztea umearen hobe beharrez egiten dela?». Galdera Sara Majarenasen amak egiten du, Izarren amonak, alegia. Iragan astean Auzitegi Nazionalak uko egin zion preso donostiarraren zigorra bertan behera uzteari larri zauritutako alaba zaintzeko, eta Kontxi Ibarreta amonak gutuna igorri dio GARAri, jazotakoaz hausnarketa egin eta bere sentipenak adieraziz. Idazki gordina da, orrialde honetan irakur daitekeena.

Izarren egoera nolakoa den azaltzen du hasieran, oraindik ahul eta ospitalean jarraitzen duela aipatuz, eta azkar nabarmentzen du beste ezer baino txarragoa dela une latzotan ama ondoan ez izatea. «Bere aitak min egin dio, berak badaki, horretaz jabetzen da, esan du, eta bere amak hitza eman dio bera hor dagoen bitartean inork, inoiz, ez diola minik emango. Baina bere ama ez dago», aipatzen du, azalduz nola Izarrek etengabe bere amagatik galdetzen duen eta nola ama ondoan ez duenez azkenean berarekin ere haserretzen den. «Etengabe esaten diogu bere amak asko maite duela, baina berak ezetz dio, ez duela maite, ez datorrela. Amak ere huts egin dio», dio. «Nola azaldu Izarri mendekuzko kartzela sistema honek ez diola bere ondoan egoten uzten?», gaineratzen du.

Estatuak Sarari bere bikotekideak egindako gauza bera egiten diola uste du presoaren amak, «alabaren bitartez mendekatzea», eta kritika egiten die «dena haurraren hobe beharrez» egiten dela esaten dutenei.

Presoari alabarekin egoteko ordu eta bisita kopurua handitu omen diotela-eta, amonak argi azaldu du oraindik ez dela inolako aldaketarik izan.