NAIZ
BILBO

Clara Campoamorrekin zeukan «zor historikoa» kitatu du Bilbok

Otsaila hasi zenetik bere omenezko kalea dauka Clara Campoamorrek Zorrotza auzoan eta, atzo, haren jaiotzaren 129. urteurrenean politikari eta abokatu feministaren figura ohoratu zuten bertan.

Alfonso Gil, Bilboko alkateordea, Clara Campoamor elkarteko kideekin. (@AlfonsoGil)
Alfonso Gil, Bilboko alkateordea, Clara Campoamor elkarteko kideekin. (@AlfonsoGil)

Kale izendegian aldaketa ofizialki otsailaren 1ean egin zen arren, atzo egin zen Zorrotzako Clara Campoamor kalearen izen berria inauguratzeko ekitaldia, politikari eta abokatu feministaren jaiotzatik 129 urte betetzen zirela aprobetxatuta.

Memoria historikoaren legea betetzeko, iragan abenduan erabaki zuen Bilboko Udalak hiru tokiren izenak aldatuko zituela. Hermogenes Rojo izena zuen kaleak hartu zuen Clara Campoamor izendapena. Horrez gain, Alfonso Txurruka kaian eta Eusebio Garcia Alonso kalean egin ziren, Zirgarien kaia eta Benita Asas kalea deitzera pasa direnak, hurrenez hurren.

Bilboko alkateorde Alfonso Gilekin batera, Clara Campoamor elkarteko zenbait kide bildu ziren atzo Zorrotzan politikari feminista gogoratu eta haren omenezko kalea ofizialki estreinatzeko.

Politikariaren izena daraman elkarteko presidentea, Blanca Estrella Ruiz, pozik agertu zen, Bilbok Campoamorrekin zeukan «zor historikoa» kitatu dela azpimarratuz.