NAIZ

Jean Pierre Harokarene aske geratu da, baina espainiar Estatutik kanporatu dute

Jean Pierre Harokarene, Faisan delako auziagatik espetxeratua, aske geratu da gaur goizean. Hala ere, espainiar Poliziak Behobiako mugan utzi du, Pausun, eta espainiar Estatutik kanporatu dute.

Jean Pierre Harokarene, hirugarrena ezkerretik hasita, senide eta lagunez inguratuta.
Jean Pierre Harokarene, hirugarrena ezkerretik hasita, senide eta lagunez inguratuta.

Hainbat espetxealdi jasan ostean, Jean Pierre Harokarene, Faisan auzia dela-eta espetxean zegoen azken presoa, Soriako espetxetik atera da 08:30ak aldera. Hala ere, espainiar Poliziak Behobiako mugan utzi du, Pausun. Honen ostean senide eta lagunekin elkartu da.

Ofizialki Estatu frantseseko agiriak ditu Harokarenek, nahiz eta betidanik Irunen bizi eta lanean aritu den. Parisen jaio zen eta Hego Euskal Herrikoa zuen amak ez zituen bere agiriak berritu frantziar Estatuan bizi izan ziren denboran.

Ondorioz, Harokarenek ez du espainiar Estatuko agiririk eta Soriako espetxean zela, Poliziak espainiar Estatuan 10 urtez sartzeko debeku eskaria egin du. Martxoaren 3an aztertuko da auzi hau. Hau jakin bezain laster, gertukoak espainiar Estatuko agiriak lortzeko lanetan hasi dira, baina berez tramite azkar bat behar zuena luzatu egingo dela dirudi, ama hil egin zen-eta.

Mobilizazioak Irunen

Atzo elkarretaratzea egin zuten Irunen, Kolon pasealekuan, poliziaren komisaldegiaren parean, Harokareneren kanporatzea salatzeko. Era berean gaur, batzar informatiboa izango da 20:00etan Moskun, eta bihar mobilizazioa abiatuko da 19:00etan San Juan plazatik.