NAIZ
TOLOSA

Ostegun Gizenarekin lehertu da festa Tolosan

99 urteko Mari Kruz Iribarrenek jaurti du aurten Tolosako inauterietako txupinazoa eta sei eguneko festa leherrarazi du Ostegun Gizenarekin. Gonbidatu berezia ere izan dute txupinazoan, Donald Trump AEBetako lehendakaria, tolosarren eta bertakoak ez direnen artean horma eraikitzeko proposamen eta guzti.

Tolosako Plaza Zaharra, jendez gainezka txupinazoan. (@belastegi)
Tolosako Plaza Zaharra, jendez gainezka txupinazoan. (@belastegi)

Lehendabiziko aldiz emakume batek jaurti du Tolosako inauterietako txupinazoa, irailean 100 urte beteko dituen Mari Kruz Iribarrenek, hain zuzen ere. Aurtengo «Inauterizale kuttuna» izendatu du Kabi Alai elkarteak, egunotan Udalaren ardura hartzen duenak. Iribarrenek 70 urte baino gehiagotan parte hartu du inauterietan, batez ere senideentzat mozorroak prestatzen, eta hunkituta zegoen bera aukeratu izanarekin.

Iribarren bezain kuttuna ez den beste pertsonaia bat ere izan da gaurko txupinazoan: Donald Trump AEBetako presidentea. Berekin tolosarrak eta kanpotarrak banatzeko horma eraikitzeko proposamena ekarri du munduko gizonik boteretsuenak.

Udal korporazioak argi utzi dio ez dutela hormarik nahi eta Tolosara mundu guztia ongi etorria dela, betiere errespetuz jokatzen badute.