NAIZ
DONOSTIA

Majarenas eta alaba ez banatzeko Donostian egingo den mobilizazion parte hartuko du EH Bilduk

Sara Majarenas eta Izarren aldeko plataformak hurrengo ostegunerako, Donostian, egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk, alabak «etorkizuneko bizitza ahalik eta normalizatuena eduki ahal izateko». «Zein argumentu erabili daiteke, mendekuarena ez dena, Sara eta Izar elkarren ondotik banatzeko?», galdetu diote espainiar Gobernuari.

Hurrengo ostegunean, martxoaren 2an, Sara Majarenasen alaba Izarrek hiru urte beteko ditu eta banandu egingo dituzte, haurrak bere aitak laban batez eraso eta bi hilabete igaro ez direnean. «EH Bildutik ez dugu ulertzen nolatan erabaki duen Espainiako estatuak Majarenas espetxean mantentzea eta Izar bere ondotik aldentzea», salatu du koalizioak ohar baten bidez.

Eh Bilduk haurrak, «inoiz baino gehiago, amaren berotasuna eta babesa» behar dituela nabarmendu du. «Estatu demokratiko batean, espetxe politika giza eskubideetan oinarritzen den estatu batean, espetxe politika mendeku politikak indarrean jartzeko erabiliko ez den estatu batean, Sara Majarenas eta haren alaba Izarren kasuek ez zuten inoiz lekurik izango», azpimarratu dute.

Honela ama eta alaba elkarrekin egotea eskatu dute, Izarrek «etorkizuneko bizitza ahalik eta normalizatuena eduki ahal izateko». Zentzu honetan, Majarenasen askatasuna eskatu dut, zigorraren 3/4ak beteak dituela gogora ekarriz. «Zein argumentu erabili daiteke, mendekuarena ez dena, Sara eta Izar elkarren ondotik banatzeko?», galdetu diote espainiar Gobernuari.

Horregatik, Sara eta Izarren aldeko plataformak hurrengo ostegunerako, Donostian, egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du EH Bilduk. «Arrazoi humanitarioengatik, giza eskubideengatik eta indarrean dagoen legediak horrela dioelako, Sarak eta Izarrek elkarren ondoan izan behar dute».