Arantxa MANTEROLA
BAIona

BNPk ihes fiskalean duen ardura azaleratzeari ekingo dio berriro Bizik

Duela bi urte zenbait banketxek paradisu fiskaletan duen jarduna salatzeko «aulki bahiketak» egin zituen Bizik, gerora Estatuko hainbat hiritan errepikatu zirenak. Ekintza horiengatik auzipetutako bigarren militantearen epaiketaren atarian, ekimen berriak iragarri ditu.

“Jar dezagun BNP akusatuen eserlekuan” leloa goiburu hartuta, Bizi! mugimenduak ekintzak iragarri ditu banketxearen «jokamolde txarrak» salatzeko.

Apirilaren 11n Estatuko ekialdeko Meuse departamenduko Bar-le-Duc hirian bigarren «aulki bahitzailea» epaituko dutenez, euskal mugimendu ekologista eta altermundialistak ekimen berriak iragarri ditu, jomuga aipatu BNP-Paribas banketxea izango dutenak.

Hala, gutunak igorri dizkie Lapurdiko kostaldeko BNP agentzia guztiei, «heldu diren egun eta asteetan berriz ere ekintzak burutzen hasiko» direla ohartaraziz. Bizik, bere ekintzak «beti arrunt bortizkeriarik gabeak» direla eta «BNPko langileak osoki errespetatuz eginak» direla nabarmenduta, agentzietako zuzendariei eskatzen die bertako langileak jakinaren gainean jartzeko.

Irabazi handienak

Idatzian, Bizik azalpenak eman ditu banketxe horietan aulkiak errekisionatzera bultzatu duten arrazoiez: «Frantziako bankuen artean, BNP-Paribas da zerga paradisuetan irabazi handienak egiten dituena. Beraz, botere publikoei baliabideak kentzen dizkien sistema horretan parte hartzen du, behartsuenen beharrei eta trantsizio ekologikoaren erronkei aurre egiteko horrenbeste baliabide behar direnean».

Horrez gain, «energia fosilei buruzko proiektu suntsigarriak eta horien sustatzaile arduragabeak diruztatuz, krisi klimatikoa larritzen» parte hartzea leporatzen dio BNPri.

Banketxearen jokamolde «ez biziki garbia» argitara emateko, bai haren bezeroak, bai iritzi publikoa oro har jakinaren gainean jarriz, heldu diren asteetan ekimenak burutuko dituztela iragarri diete gutunean.

Biziren aburuz, auzipetu behar direnak ez dira «aulki-bahitzaileak», baizik eta «taldean antolatutako zerga ihesaren bidez eta, mundu osoan egiten dituen inbertsioen bidez, BNPk jendarte eta ekologia alorretan erakusten duen arduragabetasuna».

Ihes fiskala salatzeko banketxe batzuetako ondasunak sinbolikoki errekisatzeko aulkiak eramaten hasi zen Bizi 2015eko otsailean. Gerora, zenbait kolektibok Estatuan ere antzeko ekintzak egin zituzten, besteak beste, ANV-COP21, ATTAC, Solidaires Finances Publiques eta Amis de la Terre. Hain zuzen ere, talde horretako lehendakaria da –Florent Compain–, BNPk jarritako salaketaren ondoren, datorren apirilaren 11n Bar-le-Duceko auzitegian epaituko dutena. Lehen epaitua Jon Palais izan zen. Abenduan Akizen epaitu ostean erregugabetu zuten.