NAIZ
GASTEIZ

Molaren aginduz Azazetan fusilatutakoak omenduko dituzte Arabako erakundeek

Arabako Aldundiak, Batzar Nagusiek, Gasteizko Udalak eta tokiko erakundeek ekitaldi bat egingo dute apirilaren 1ean, Azazetako mendatean, Mola jeneralaren aginduz fusilatutako hamasei pertsonak omentzeko, sarraskiaren 80. urtemugan. Diktadura frankistak eragindako biktima guztiak oroitzea eta memoria erreparatzen laguntzea da ekitaldiaren helburua.

Oroimen ekitaldia antolatuko duten erakundeek ohar bidez gogoratu dutenez, 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1erako goizaldean hil zituzten hamasei pertsonen fusilamendua Mola jeneralak agindu zuen, gutxira indar frankistek Bizkaiaren aurka egingo zuten erasoaldia prestatzeko Gasteizera eginiko bisitan.

«Fusilamendu horien bidez, Arabako herritarrak beldurtu eta bizkatarrei eta altxatuen aurkako indar politikoei beldurrezko ohartarazpena bidali nahi izan zieten», azpimarratu dute.

Horregatik, esan dutenez, hamasei hildakoek altxamenduaren aurka zeuden korronte ideologiko eta alderdi politiko desberdinak ordezkatzen zituzten.

Honakoak izan ziren fusilatuak: Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko alkate eta Ezker Errepublikanoko afiliatua; Francisco Diaz de Arcaya, tornularia, Gasteizko zinegotzia eta PSOEko afiliatua; Jose Luis Abaitua, EAJren ABBko burukidea; Victor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea; Eduardo Covo Gonzalez gasteiztarra, telegrafoetako langilea; Jaime Conca Amoros, oliba biltzaile gasteiztarra; Jose Domingo Elorza San Vicente, margolari gasteiztarra, PSOEko afiliatua; Constatino Gonzalez Santamaria, bizargin gasteiztarra.

Zerrenda honakoek ere osatu zuten: Francisco Garrido Saez de Ugarte, doitzaile apinaiztarra, CNTko afiliatua; Prisco Hermua Arrizola, jornalari gasteiztarra, CNTko afiliatua; Antonio Garcia Bengoetxea mekaniko gasteiztarra; Jesus Estrada Abalos, mekanikoa eta PCEko afiliatua; Daniel Garcia de Albeniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTkoa; Manuel Jose Collel Aguila, trenbideetako langile gasteiztarra, Batasun Errepublikanoko afiliatua; Manuel Hernandez Ibañez de Garaio, trenbideetako langile gasteiztarra eta Casimiro Cerrajeria Zarranz, gasteiztar piroteknikaria, UGTko afiliatua.

Hamasei pertsona hauek Bake kalea eta Posta kalea gurutzazen diren tokian zegoen espetxean zeuden preso. Martxoaren 31n, gauean, askatu egin zituzten, baina espetxearen kanpoaldean berriro ere atzeman zituzten guardia zibil, errekete eta falangista talde batek.

Bi ibilgailutan sartu eta Azazetara eraman zituzten. Han fusilatu, lehenago epaiketarik egin gabe, eta hobi batean erdi lurperatu egin zituzten.

Ekitaldia deitu duten erakundeen esanetan, tokiko prentsak isildu egin zituen exekuzio hauek, «baina laster zabaldu zen basakeriaren berria eta biktimen identitatea, eta horrek herritarrak astindu zituen».

Teodoro Gonzalez de Zarate, Jose luis Abaitua, Manuel Jose Collel eta Manuel Hernandezen gorpuzkinak «ezkutuan atera zituzten hobitik atera eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian lurperatu zituen Pedro Anitua apaizak, 1939an». Beste 12en gorpuzkinak Salbatzailearen hilerrian daude lurperatuta, 1978an hobitik atera ondoren.

Sarraski hartatik 80 urte betetzen dira aurten eta Arabako erakundeek antolatutako ekitaldiaren xedea da 16 biktima horiek oroitzea eta errepresio frankistak Araban eragindako guztiak.