NAIZ
IRUÑEA

Sortzenek eskerrak eman dizkie Nafarroan D eredua «sendotzeko» eragile izaten ari diren familiei

Sortzen Elkarteak Nafarroan «D eredua zabaltzearen aldeko ahalegina baloratu, neurtu eta hobetu» nahi du eta «eskerrak» eman dizkie herrialdean eredu hau aukeratu duten familia guztiei. Era berean, Nafarroako zonalde diskriminatuan zabaldu diren D ereduko lerroetan dinamika iraunkor bat garatuko du datorren ikasturtetik aurrera.

Sortzenek matrikulazio prozesuaren balorazioa egin du. (Sortzen Elkartea)
Sortzenek matrikulazio prozesuaren balorazioa egin du. (Sortzen Elkartea)

Sortzen Elkarteak «ongi etorri beroena» eman die matrikulazio prozesuan Nafarroan D eredua aukeratu duten familia guztiei. «Eskerrak ere eman nahi dizkiegu Nafarroan hezkuntza sistemak duen eredu osatuena sendotzeko eta zabaltzeko eragile izaten ari dira-eta», adierazi dute ohar baten bidez.

Gogora ekarri dute Allo, Erriberri eta Antzinen datorren urtean D eredua izanen dutelako. «Argi utzi nahi dugu indarrean dagoen hezkuntza-ereduen sistemarekin ez dugula bat egiten, ezta kanpoko hizkuntza bat irakasteko Nafarroako 100 ikastetxe baino gehiagotan indarrean dagoen programarekin».

Hala ere, «bigarren urtez, D eredua zabaltzearen aldeko ahalegina baloratu, neurtu eta hobetu nahi dugu», gehitu dute. Pausu hauek indartzeko beharra nabarmendu du. «Urratsak bultzatu, lagundu eta babestu behar dira, bakoitza bere aldetik eta dituen indar eta ardurekin».

Bide honetan kanpaina gehiago bultzatzeko beharra azpimarratu du Sortzenek. «Zabaltzen den D ereduko lerro bakoitza, Vascuencearen Legearen paretan irekitzen den beste pitzadura bat da», adierazi dute.

‘Haizea’ egitasmoa, datorren ikasturtetik aurrera

Datorren maiatzaren 21ean Iruñeak Sortzen jaia hartuko du, eta etekin ekonomikoen zati bat gaur aurkeztu duten ‘Haizea’ egitasmora bideratuta egonen dira. «Nafarroako zonalde diskriminatuan zabaldu diren D ereduko lerroetan garatuko dugun dinamika iraunkor bat da», azaldu dute. Dinamika honek familien artean euskararen erabilera bultzatzea izanen du jomuga, baita eskolen artean auzolana bultzatu, aurre-matrikulazio kanpainan jauzi kualitatibo bat ematea eta familiak babesteko dinamikak indartzea ere.