Manex Altuna

Inauterietaz gozatzeko aukera izango da Bilboko auzo ezberdinetan

Santutxun, Zorrotzan, Ibarrekolandan, Erriberan, Uribarrin eta Altamiran asteburuan zehar ospatuko dituzte herritar taldeek antolaturiko inauteriak.

Santutxuko inauterietako egitaraua.
Santutxuko inauterietako egitaraua.

Festa egin eta mozorroturik kalera ateratzeko aukera izango da Bilbon asteburuan zehar. Izan ere, Santutxu, Zorrotza, Ibarrekolanda, Deustuko Erriberan eta Altamirako auzoetan inauteriak ospatuko dituzte.

Santutxun esaterako, ostiralean Txoro eta Mokoko pailazoak izango dira Karmelo plazan eta ondoren albokariekin kalejira. Larunbatean, ‘Lantzeko inauteri handia’ egingo dute Gaztedi dantza taldearekin eta igandean, desfilea eta dantzaldia izango dira.

Zorrotzan ostiral arratsaldean umeentzako festa antolatu dute gaztetxean 17.30etan eta 19.00etan Txokolatada Madness Tabernan. Larunbat eguerdian umeentzako animazioa egongo da gaztetxean, eta arratsaldean desfilea. 21.00etan festa egiteko aukera izango da Aldats elektrotxarangarekin.

Ibarrekolandan berriz, larunbatean antolatu dituzte ekitaldi ezberdinak. Eguerdian kalejira fanfarriarekin, indaba jana bazkaltzeko eta arratsaldean txokolatada, batukada eta DJ Xaibor.

Uribarrin larunbat arratsaldean egingo dute desfilea eta Deustuko Erriberan zirkuaren gaia hartuta egun berean ospatuko dituzte inauteriak. Azkenik, larunbat arratsaldearako antolatu dituzte ekitaldi ezberdinak Altamiran.