NAIZ
BILBO

Otsailak 376 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Otsailaren amaieran 179.943 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 376 gutxiago.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera, otsailak 376 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Orotara, 179.943 langabe daude erregistratuta.

Jaitsierarik nabarmenena Nafarroan eman da (%1,27), aurreko hilabetearen amaierarekin alderatuta 522 langabe gutxiagorekin. 40.720 nafar daude enplegu bulegoetan izena emanda, iazko otsailean baino 4.376 gutxiago (%9,70eko beherakada).

Araban ere behera egin zuen tasak otsailean, nahiz eta modu apalago batean (%0,83, 190 langabe gutxiago). Aurreko urteko datuekiko, jaitsiera %14,34koa da (3.783 pertsona gutxiago). Bukatu berri den hilabetearen amaieran 22.593 arabar zeuden enplegu bulegoetan izena emanda.

Gipuzkoan 19 langabe gehiago zenbatu dituzte otsailean (%0,05 gehiago). Iaz baino 4.118 langabe gutxiago daude herrialde honetan (%9,81 gutxiago). Herrialde honetan, 37.848 langabe daude erregistratuta.

Bizkaian, igoera %0,40koa izan da, 317 langabe gehiago zenbatu baitituzte otsailaren amaieran. 2016ko zenbakiekin alderatuta, 7.431 langabe gutxiago zenbatu dituzte, tasak %8,62 behera egin baitu. Orotara, 78.782 langabe daude egun Bizkaiko enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu mailan, otsailean 9.355 pertsonatan jaitsi da langabezia erregistratua. 3.750.876 langabe daude.