joseangel.oria@gaur8.info

Emakumeen eskubideak errespetarazteko ahalegin etengabea, egoerarik zailenean

Oso gizarte tradizionala, hierarkikoa eta patriarkala da Palestinakoa. Bertan emakumeen eskubideak errespetatzea nahi duten herritarrek egoera horretatik abiatuta egin behar dute lan, Donostian izan berri diren hiru ekintzaile palestinarrek azaldu dutenez.

Euskal Herriko zenbait erakunde eta elkarteren eskutik, Palestinatik etorritako hiru emakumek makina bat herri bisitatu dituzte otsailean zehar, beraien eskubideak errespetarazteko egiten ari diren lana azaltzeko. Beraientzat sekulako aukera izan da UNRWA-Euskadik eskaini diena, Maysoun Qawasmeh Hebrongo Emakumeen Elkarte Aktiboko sortzaileak Donostiako Alde Zaharreko areto batean eskaini zuen hitzaldian esplikatu zuenez: hamabi egun egin dituzte Euskal Herrian, eta ehunka lagunekin hitz egiteko, esperientziak trukatzeko, aukera izan dute.

Emakume horien lekukotasunak hemengo egoera hobeto ulertzen ere laguntzen du, Euskal Herriko feministen lana gaur egun munduan dugun testuinguruan kokatzeko. Gauza asko alderatzerik ez dago, jakina, palestinarrak okupaziorik basatienaren biktima baitira, gizonezko askoren jarrera atzerakoien biktima izateaz gain. Baina Euskal Herrian ere bisitariek salatu zuten emakumearen aurkako indarkeria etxean gordetzeko joerak sekulako kaltea eragiten die.

Donostiako hitzaldian egon zen GAUR8, Plazandreok emakumeen plataforma politikoak eta UNRWA-Euskadik elkarlanean antolatutako hitzaldian. UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian duen taldea 2006an sortu zen, eledunak azaldu zuenez. 2013an Gaza bisitatu zuten hamar emakumek, eta Euskal Herrira itzultzean han ikusitakoa azaldu zuten, erakunde internazionalisten brigadistek egin izan duten moduan.

Gazakoek ezin dute etorri Euskal Herrira

Euskal Herriko eta Palestinako emakumeek Basaurin egin zituzten topaketetan ere Palestinako hiru lagunek esku hartu zuten, eta bertan eskatu zen anbizio handiagoko egitasmo bat antolatzea, aurten gauzatu ahal izan dena. Hori bai, Palestinak bizi duen okupazio egoeraren eraginez, Zisjordaniako herritarrak Euskal Herrira ekarri ahal izatea zaila izaten bada, are zailagoa da Gazakoak ekartzea, Israeli asko kostatzen baitzaio Mediterraneoko lurraldeko herritarrei bertatik irteteko argi berdea eta baimen guztiak ematea. 2015ean Basaurin egin ziren topaketen kasuan, esaterako, Amal Syam eta Zeinab El Ghunaimi, Center for Womens Legal Research and Consulting eta Women Affairs Center elkarteetako kideak etorri ezinik geratu ziren eta, hutsunea nolabait bete nahian, beren lana azalduz bideo batzuk grabatu eta bidali zituzten, gero Euskal Herrian ikusi ahal izan zirenak (UNRWAren webgunean ikusgai daude oraindik).

Emakumeen eskubideen onarpena lortu nahi denean, testuinguru bakoitzak bere jarduera propioa eskatzen du. Palestinaren kasuan, emakumearen aurkako etxekoen indarkeria salatzea ikaragarri garrantzitsua da, Ohaila Shomar SAWA elkarteko ordezkariak esplikatu zuenez. 1998an sortu zuten elkartea zenbait boluntariok eta urteotan egin duten gauzarik aipagarriena fenomenoari aurre egiteko linea telefoniko bat sortzea izan da. Indarkeriaren biktima diren emakume zein umeei zuzendutako linea horretara milioi bat aldiz deitu dute, baina kasu askotan SAWAkoek telefonoa hartu eta beste aldean ez du inork erantzuten. Esanguratsua. Palestinako emakumea bere etxean zer punturaino bizi den beldurtuta ulertzeko baliagarria. «Oso zabalduta dago emakumearen aurkako bortizkeria, oso sustrai sakonak ditu, baina gai pribatua da, etxetik atera behar ez dena, eta horrexek esplikatzen du gure gizartean hain zabalduta egotea», kontatu zuen Shomarrek.

Trapu zikinak, etxean

Palestinako kasuan ezin da indarkeria analfabetismoarekin lotu, lurralde okupatuetako emakumeen %94,4 baitaude alfabetatuta, SAWAko boluntarioak emandako datuen arabera. Hori bai, menpekotasun ekonomikotik ezin dute egin ihes, langabezia tasa %38koa baita, gizonen artean baino askoz ere handiagoa. «Gure gizartea oso patriarkala eta hierarkikoa da. Familiak gauza guztiak menderatzen ditu eta trapu zikinak etxean garbitu behar direla esaten da. Guk indarkeriaren fenomenoa hortik kalera atera nahi dugu, herritarrek beren artean hitz egin dezaten», erantsi zuen.

Gizarte patriarkalei dagokie emakumea bigarren mailan edukitzea, eta zurrunbilo horretatik irteten denari askok gaizki begiratzen diote. Etxean egurtzen badute, «‘egingo zuen zerbait’ esaten da askotan, oso era probokatzailean jantzita zegoela edo antzeko zerbait». Emakumearen aurkako abusuei ateak zabaltzea dakar mentalitate horrek: «Pentsamolde hori aldatu beharra daukagu».

«Askotan esaten digute indarkeria beharrezkoa dela emakumea hezteko. Guk duintasunez bizitzeko aukera baino ez dugu eskatzen», esan zuen Shomarrek. Lortu nahi duten aldaketa eskuratzeko, palestinar boluntarioaren iritziz, emakumearen kontrako indarkeriaren aurkako legedi espezifikoa behar dute: «Egun ditugun legeak Palestinak jasan behar izan duen okupazio historiaren eragina dira: otomandarrak, britainiarrak, israeldarrak… Gainera, egungo kode penala aplikatzea zaila da. Horregatik diogu justizia sistemako langileei beren lanari buruzko formakuntza eman behar zaiela».

Umeak ere, biktima

Emakumeak etxean jasan behar izaten duen indarkeriak beste alde kezkagarri bat ere badu: betikotzeko joera. «Umeek bortizkeria ikusten dute etxean, eta gero kanpoan gauza bera egiteko joera izaten dute. Kontuan hartu behar da gure gizartean ume asko ezkontzera behartzen dituztela, eta fenomeno horrek ere indarkeria sustatzen du».

SAWAkoen Sawa.ps webgunean aurkituko ditu irakurleak umeekin egiten duten lanaren adibide batzuk. Esaterako, Nablus hirian sexu indarkeriaren inguruko antzerki ikuskizun interaktiboa egin berri dute dozenaka haurrekin. Mahmoud Marra aktoreak prestatutako funtzioak umeen arteko eztabaida eragin zuen. «Indarkeria egoera baten aurrean egotean zer egin ikasi dut», esan zuen 9 urteko neska batek. Khalil izeneko 11 urteko mutilak hitzak ere oso mingarriak izan daitezkeela ikasi zuen: «Esaten dugunari gehiago erreparatu behar diogu, txantxetan esandakoak ere beste batzuk mindu egin ditzake-eta». 10 urteko Asmak etxeko lotsa utzi zuen agerian: «Antzezlanak erakutsi dit nire gurasoek gaizki tratatzen nautela, oso biolentoak baitira nirekin, ondo tratatu eta gauzak elkarrekin eztabaidatu beharrean. Ikasi nuen ere inork ez duela ni ukitzeko baimenik, mina egin diezadake-eta».

Indarkeria matxistaren errealitatea aldatu nahian sortutako baliabideak Palestinak bizi duen okupazio egoerari aurre egiteko ere askotan erabili behar izan dituzte. Esaterako, Gazak azken urteotan jasan izan dituen okupatzaileen eraso militar ikaragarriek gurasoengandik bereizitako ume ugari izatea ekarri izan du eta SAWAkoen linea telefonikoak familia horiek berriz bat egin dezaten erabili izan dituzte. «Gerrak» utzitako elbarriei laguntza psikologikoa ematen diete, legeen inguruko aholkularitza ere ematen dute, zerbitzu medikua eskaintzen dute «gure klinika mugikorren bitartez», formakuntza ikastaroak eta tailerrak antolatzen dituzte...

Emakumea eta okupazioa

WCLAC Emakumeentzako Aholkularitza eta Lege Laguntzarako Zentroko Hiba Nuseibahk Donostian esplikatu zuen okupazioak zer eragina duen emakumeengan. «Gure lurraren okupazioa zigor kolektibo bat da, eta emakumeok era bikoitzean kaltetzen gaitu, etxea eta familia zaintzen baitugu eta erantzukizun hori geurea dela sentitzen baitugu».

Okupazioaren aurpegi batzuk deskribatu zituen Nuseibahk: jende askoren atxiloketak, epaiketarik gabeko kartzelatzeak, okupatzaileek eraitsitako etxeak: «30 egun lehenago esaten dizute etxea utzi egin behar duzula. Gero eraikina eraitsi eta beraiek [kolono juduengatik] etortzen dira bertan etxeak eraikitzera. Hori gertatzen ari da ni bizi naizen Jerusalemen eta pixkanaka hiriaren nortasun palestinarra galtzen ari da».

Palestinarren mugimenduak oztopatzen dituzten ehunka kontrolak eta Zisjordanian eraikitzen ari diren Apartheidaren Horma ere aipatu zituen: «Guri lur eta baliabide gehiago lapurtzeko ari dira Horma hori eraikitzen. Esaterako, lurralde okupatuetan edateko moduko ura ematen duten 32 putzu ditugu, eta Israelek horietako 27 bereganatu ditu. Guretzako bost baino ez dituzte utzi».

Donostian izan ziren hiru palestinarrek badakite hain biolentoak diren kolonoek Benjamin Netanyahu lehen ministroaren babesa dutela, okupazioa larriagotzen ari dela eta «ustezko bake prozesua» ez doala inora. Esaldi horiei eusteko makina bat datu eman zituen Nuseibahk. Bakarra nabarmenduko dugu: Jerusalem hirian 2016an 123 etxe eraitsi zizkieten jabe palestinarrei, eta, 2015ean, 76. Ia bikoiztu egin da eraisketa erritmoa. Eta Trump dago Etxe Zurian!

Maysoun Qawasmehk 40 urte daramatza WAFA berri agentzian lanean eta bere bizitzan zehar makina bat ekimen jarri ditu abian emakumeen eskubideen alde. 2012an arabiar herrialdeetan ordura arte egin ez zena egin zuen: Hebrongo udal hauteskundeak zirela-eta, emakumez osatutako zerrenda bateko burua izatea onartu zuen: «Zerbait nahi baduzu, lor dezakezu. Horixe baieztatu zuen zerrendak, nahiz eta 500 boto baino ez bildu».

Emakumeak negoziazio prozesuetan

Bere esperientziatik abiatuta, nabarmendu zuen aldaketak oso mantso iristen direla. Esaterako, gaur egun emakume gehiago dago alderdi politikoetan sartuta, baina normalean ez dira egoten erabaki garrantzitsuenak hartzen diren espazioetan. Palestinar herria ahultzen duen Al Fatah eta Hamas alderdien arteko gatazka konpontzeko garaian, kazetari beteranoaren ustez, oso garrantzitsua izango litzateke emakumeek ere negoziazio prozesuan esku hartzea. Baita Israelgo agintariekin uraren erabilerari buruz negoziatzeko garaian ere.