NAIZ
GASTEIZ

Garatzen ari den proiektuen berri eman dio Udalbiltzak Arabako Foru Aldundiari

Arabako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak bilera egin dute gaur goizean Gasteizen elkarren arteko harreman instituzionalak sendotzeko. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Udalbiltzako lehendakari eta batzorde eragilearen kide Luis Intxauspe eta Iratxe Lopez de Aberasturi, hurrenez hurren, bildu dira Aldundiaren egoitzan.

Udalbiltza eta Arabako Aldundia Gasteizen bildu dira. (Aldundia)
Udalbiltza eta Arabako Aldundia Gasteizen bildu dira. (Aldundia)

Udalbiltzaren gaur egungo jardueraren berri eman diote ahaldun nagusiari, ‘Udalbiltzan Bagabiltza’ gogoeta prozesuaren nondik norakoak, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren, eta baita esku artean dituzten proiektuen berri ere.

Bileraren ondoren Intxauspek eskertu egin nahi izan du Gonzalezek egindako harrera eta gogora ekarri du dagoeneko bildu direla Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako alkatearekin eta Nafarroako Kontzeju eta Udalerrien Federakuntzarekin ere. Hurrengo hitzordua hil honetan bertan izango da, Iruñeko alkatearekin.

«Euskal Herriaren kohesioa gero eta beharrezkoa den sasoi honetan», erakundeen arteko elkarlana «behar beharrezkoa» dela nabarmendu du Intxauspek.