Aimar ETXEBERRIA

Esperantza eta zalantzak, SNP alderdiko kidegoaren baitan

Ehunka militante bildu ditu SNPk Aberdeengo konferentzian. Sturgeon lehen ministro eskoziarrak iragarritako bigarren independentzia erreferenduma hizketagai nagusitzat hartuta, euren nahi, kezka eta usteak partekatzeko baliatu dute ekitaldia bertaratuek.

Alderdi politikoen konferentziak barne kontsumorako ekitaldiak izan ohi dira, eta SNP Eskoziako alderdi abertzaleak azken bi egunotan egin duena ez da salbuespena izan. Aberdeenen bildu du bere kidegoa Holyroodeko Legebiltzarrean gehiengoa izan eta Gobernuan dagoen alderdiak, herrialdearen etorkizuneko lerroak idatziko dituen asteari ospakizun trazako amaiera emanez.

Abila da SNP Scottish National Party alderdiaren ekitaldi masiboei etekina ateratzen: orain urtebete egindako konferentzian iragarri zuen lehenengoz Nicola Sturgeon lehen ministroak kanpaina independentista berri bat abiatzeko aukera, berau Brexitaren emaitzei zuzenean lotuz; urte politikoa hastearekin batera alderdiko hautetsi guztien aurrean egindako hitzaldian eman zuen aipatu kanpaina berrituaren hasieraren berri; eta alderdiak iragan urrian Glasgow hirian egindako konferentzian iragarri zuen erreferendumerako lege proiektuaren sorrera. Asteburu honetan, baina, ez da ezustekorik izan; albistea aurrez emana zegoen.

Hizpidea jarrita, beraz, horretaz hitz egitea tokatzen zen, eta hala egin zuten Aberdeeneko Konferentzia eta Erakusketa Gunea leporaino bete zuten alderdiko militanteek. SNPren hautetsia da Gordon Guthrie, aho bizarrik gabeko independentista, eta ez zuen batere harritu iragan astelehenean Sturgeonek bigarren independentzia erreferenduma deitu izanak: «Denok genekien iritsiko zela momentu hura, galdera zen noiz».

Baiezkoa, 2014an bezala

Brexitaren prozesuarekin lotzen du zuzenean Guthriek prozesu independentistaren jatorria eta geroa: «Westminsterreko Gobernuak noraezean jarraitzen duen bitartean proposamenak mahaigaineratzen jarraitzen du Sturgeonek. Ez dut zalantzan jartzen bigarren independentzia erreferendumaren gauzatzea; irrikan nago Mayk galdeketaren aurka duen posizioa nola mantentzen duen ikusteko». Baiezkoaren alde egin zuen alderdi abertzaleko hautetsiak 2014ko ariketan, eta hala egingo du bigarren aukeran ere. Uste du, baina, bi aldeetan egongo dela botoaren norabidea aldatuko duen jendea, baina ez da ausartzen zenbakien dantzan sartzen.

SNP alderdiko kidegoaren baitan ere bada bere botoaren noranzkoa segurutzat jotzen ez duenik; hau da George Shellabearren kasua. Ingalaterran jaioa, atzerritik etorri eta Eskozia bere egin duenaren begiradaren bidez ikusten du urteotan Eskozian jazotzen ari dena. Adierazi digu «ezustean» harrapatu zuela Sturgeonen iragarpenak, nahiz eta jakin bazekien mahaiaren gainean zegoen aukeretako bat zela. Shellabearrek uste du hautabide independentistak baduela bigarren erreferendum honetan irabazteko aukerarik, nahiz eta bera ez den ausartzen iragarpen zehatz bat egitera. «Nire botoaren inguruko zalantzak ditut, baina baiezkoaren aldera jotzen dut gaur-gaurkoz. Theresa Mayren gobernuaren gestioaren ondorio da nire jarrera independentista uneotan, begi bistakoa baita ez duela eskoziarren iritzia aintzat hartzen. Gatazkan diren bi aldeen artean batek ez badauka soluzioa bilatzeko borondaterik, ez dauka zentzurik elkarrekin jarraitzeak; hori da gertatzen ari dena».

Londresek jarriko dituen oztopoak

Antzeko egoeran aurkitzen da Craig Wallace ere. «Oso pozik» hartu zuen Sturgeonen iragarpena, nahiz asteburu honetarako utziko zuela pentsatzen zuen, eta ez du uste Westminsterrek Gobernu eskoziarraren borondatea debekatuko duenik. «Oztopatu bai, ahalik eta gehien atzeratzen ahaleginduko delako. Esango nuke Erresuma Batuak Europar Batasuna utzi arte ez diola Gobernu britainiarrak argi berderik emango bigarren independentzia erreferendumari». Gauzak aldatu daitezkeela uste du eta, ondorioz, baita ideiak ere. Gaur-gaurkoz, baina, independentziaren alde egingo luke, «Westminsterren kontroletik askatzeko Eskozia».

Arinegi erabaki?

Eta bada SNPren baitan aukera independentista begi onez ikusten ez duenik ere. Hori da Jackie Mitchelen kasua, zeina «desengainatuta» sentitu zen lehen ministro eskoziarrak bigarren independentzia erreferenduma egitea proposatu zuenean: «Ez nago erreferenduma egitearen aurka, baina uste dut erabaki prezipitatua izan zela. Iruditzen zait Eskoziak izango duela epe laburrean berriro ere bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko aukera, baina azkarregi iritsi da Sturgeonen proposamena». Independentziaren aurka bozkatu zuen 2014ko galdeketan, eta boto hura mantentzearen aldeko agertzen da gaur-gaurkoz. Hala ere, Holyroodek konpetentzia gehiago izan beharko lituzkeela dio.

Kontuak kontu, gaur bertan emango dio argi berdea Eskoziako Legebiltzarrak bigarren independentzia erreferenduma abiatzeko prozesuari, Gobernu britainiarrari galdeketa deitzeko behar dituen konpetentzien eskakizun formala eginez. Hortik aurrera, Theresa May britainiar lehen ministroaren Gobernuaren teilatuan egongo da pilota.