NAIZ

«Garai berrirako» zuzendaritza proposamena egin du LABek

LABek datozen urteetarako proposatu duen zuzendaritza aurkeztu du, baita prozesu honetan aurreikusten dituen hainbat aldaketa ere. «Euskal Herrian ditugun 3 errealitate administratiboen araberako presentzia izango da komite exekutiboan zein Nazio Komitean», azaldu dute.

LABek datozen urteetarako proposatu duen zuzendaritza aurkeztu du. (ARGAZKI PRESS)
LABek datozen urteetarako proposatu duen zuzendaritza aurkeztu du. (ARGAZKI PRESS)

LABek datozen bost urteetan sindikatua gidatzeko proposatzen den zuzendaritza lan-taldea aurkeztu du. Azaldu dutenez, nazio komite berri horren egituraketan hainbat berrikuntza aurreikusten dira. Garbiñe Aranuruk, biltzar nagusiaren prozesuaren koordinatzaileak, adierazi du proposatzen den zuzendaritza berriaren ezaugarriak «datozen urteetarako LABek markatu dituen erronkei lotutakoak direla».

Besteak beste, ekintza sozialeko egitura sortu du sindikatuak eta arlo sozialera errekurtso gehiago bideratuko dituela iragarri. «Eraldaketa soziala dugu helburu, euskal sozialismoa eta burujabetza prozesuaren bidez, euskal sozialismoa erdiesteko tresna den euskal estatua eraiki nahi dugu», azpimarratu du.

«Euskal Herrian ditugun 3 errealitate administratiboen araberako presentzia izango da komite exekutiboan zein Nazio Komitean», azaldu du. Honela «instituzio desberdinen politikei edota errealitate sindikal desberdinei modu egokiagoan erantzuteko bideak aurkitzea» dute jomuga.

Barne mailan ere hainbat aldaketa nabarmendu ditu Igor Arroyok. «Eraketa lantaldearen eginkizuna sindikatuaren barne bizitza eta funtzionamendua dinamizatzetik, plangintzen garapen eta inplementaziora zabalduko da». Bestalde ikasketa gabinetea sortuko da, ikasketa eta azterketa estrategikorako tresna izango da eta LABen programa eta estrategia sozioekonomikoan ekarpenak egitea izango du zeregin nagusia. Arroyoren arabera «burujabetza prozesu orok izan behar du estrategia sozieokonomiko jakin bat, LABen apustua egungo eredu ekomomiko eta soziala errotik aldatzea da eta hau klabea izango da».

Berrikuntzen artean eskola feminista eta idazkaritza feministaren sorrera azpimarratu ditu Arroyok. «Eraldaketa sozialerako, eraldaketa feminista behar dugu eta beraz sindikatu paritario batetik sindikatu feminista baterako jauzi ematera goaz».