NAIZ
GASTEIZ

Ertzaintzaren promozio berri bat «ez dela beharrezkoa» dio EH Bilduk

EH Bilduk Ertzaintzaren promozio berri bat ez egotea proposatu dio Lakuari, «borroka antiterrorista deitutakoaren eta orden publikoaren ikuspegitik beharrezkoa ez dela» argudiatuta. «Ez dago beste garai batzuetako beharrik», gaineratu du.

Ertzaintzaren 27. promozioa atera nahi du Lakuak. (IREKIA)
Ertzaintzaren 27. promozioa atera nahi du Lakuak. (IREKIA)

Julen Arzuaga legebiltzarkideak Gasteizko Parlamentuan erregistratutako proposamen baten bitartez egin du eskaria. Adierazi duenez, gaur egun 7.640 agente ditu Ertzaintzak, eta Madrilek Gasteizekin akordatutako 8.000ko kopurua «une eta egoera orotan» ez dela «derrigorrezkotzat» hartu behar azpimarratu du.

«Segurtasuna eta egoeraren baitan zenbaki hori moldatu egin daiteke», dio parlamentariak. Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eman delitu tasaren jaitsiera nabarmendu du. Honela, Iñigo Urkulluren Gobernuari 2017 amaieran Ertzaintzaren 27. promozioa ez deitzea eskatu dio.

Madrilgo eta Gasteizko Gobernuak akordio batera iritsi berri dira Ertzaintzaren ordezkapen portzentaien inguruan, belaunaldiak berritzea eta 8.000 agente izateko aukera baimenduz. Gogoratu beharra dago 25. eta 26. promozioei helegitea jarri ziela espainiar Gobernuak. Orain, akordio berri honekin, lan-postuen 100% berritzea ahalbidetzen da.

Lakuak maiatzaren 20 inguru deitu nahi du 26. promozioaren hautapen proba, urrian akademian sar daitezen, eta 25. promoziokoak diren eta iazko uztailetik praktiketan dauden 254 agenteei «segurtasuna» eman nahi zaie honen bidez. Orain beste 300 plaza atera nahi ditu Lakuak, urtea bukatu aurretik, eta EH Bilduk hau «gahiegizkoa» ikusten du.

Lakuako Segurtasun sailaren arabera, 2020 urterako 1.300 ertzain inguru jubilatuko dira, eta beraz, Urkulluren Gobernuak 1.000 plaza inguru atera nahi ditu legealdi honetan.