NAIZ
Igorre

Abiatu da Gazte Akelarrea, Zornotzatik Igorrerako martxarekin

17:00ak baino lehen abiatu dira gazteak Zornotzatik Igorrera eta bertan egonen dira igande goizera bitarte. Denbora guzti honetan, mahai-inguruak, ikastaroak, kirola, kontzertuak eta beste hainbat ekimen egingo dituzte Ernai eta Aitzina gazte antolakundeen eskutik.

Gazte Akelarrearen lema ‘Sugarren dantzan independentziara’ da. Honekin esan nahi dutena da herriz herri eta auzoz auzo borroka txiki ugari daudela, eta guztiak bidea egiten ari direla norabide berean borroka handiago bat abiarazteko. Hau da, helburua independentzia izanik, beste hainbat gai ere jorratu behar direla.

Aurtengo egitarauan iaz kontuan izan zituzten hainbat elementu mantendu dituzte. Alegia, hiru eremu biziki babesten jarraitzen dute: zaintza, aisialdia eta elikadura. Elikadurari dagokionez, bertako produktuak –jana eta edana– eskainiko dituzte akelarreko jantokietan. Aisialdiaren atalean eskaintza zabala prestatzen saiatu dira gazteei parte hartzeko aukera emanez. Iaz musika taldeen lehiaketa bat egin bazuten, aurten talde sortu berriei euren sorkuntza erakusteko plaza bat ematen saiatu dira.

Egitarauari zuzenean heltzen badiogu, Gazte Akelarrea gaur hasiko da Zornotzan martxa batekin. 17.00ak jo gabe abiatu dira gazteak denak batera Igorrerantz. Mendian zehar ibiliko dira, atsedenak egingo dituzte eta gauean, 23.30 aldera, iritsiko dira Igorrera. Kanpalekua muntatu ostean hasiko da topagunea Akeita gunean egongo den DJ saio batekin. Gune horretan izango dira antzerki emankizunak, ipuin kontalariak, zumba eta txalaparta ikastaroak eta kontzertu lasaiak (La jodedera, Mobydick, Silvio eta Rodriguez, Jon Basaguren).

Kontzertu jendetsuagoak izango dira karpa handian (Soziedad Alkoholika, Gatillazo, Willis Drummond, Gatibu, Huntza, Riot Propaganda...) eta, bestalde, izango da beste motatako musikarako aukera Sound System gunean.

Kobazuloan kirolei eskainitako txokoa izango da. Bertan gazteak giza futbolinean, tirolinan, esku-pilotan edota slacklinean aritu ahal izango dira, tailerretan edota erakustaldietan. Bestalde, lehen aldiz eskalada txapelketa antolatu dute, Erradikal Climbing izenekoa. Ostiralean 11.00etatik aurrera eman ahal izango dute izena parte hartzaileek eta egunean zehar herrian zehar probak egin ostean, finala 18.00etan jokatuko dute. Herrian zehar ibiliko dira trikitilariak eta elektrotxaranga.
Kultur Etxean hainbat gairi buruzko hitzaldiak izango dira: sindikalgintza eta langileak, politika, feminismoa, lurraldetasuna, presoak, nazioartea... gai horietako batzuk ere landuko dituzte Eskola Politikoa gunean eta Gaztetxean. Horietan tailerrak eta mahai inguruak izango dira.

Topagunea amaitzeko, larunbatean 18.00etan manifestazioa egingo dute Igorren zehar. Azken gaua kanpalekuan pasatu ostean, igandean Ernaikoak Gernikako Aberri Egunera joango dira eta Aitzinakoak Uztaritzekora.