NAIZ

Sortu, EA eta Aralarrek Gernikako Aberri Egunarekin bat egin dute

Sortuk, EAk eta Aralarrek dei egin diote euskal gizarteari igandean Gernikan egingo den Aberri Egunena parte har dezaten. Armagabetzeak sortutako testuinguruan ere kokatu dute igandeko zita eta bai bake prozesuan zein euskal estatu baten eraikuntzan herritarren parte-hartzeak duen garrantzia nabarmendu dute.

«Testuinguru berezian dator aurtengo Aberri Eguna», adierazi du Sortuk ohar baten bidez. Zentzu horretan, Eskozia eta Catalunya jorratzen ari diren bideak aipatu ditu, baina baita Euskal Herria bizitzen ari den «ziklo historiko baten amaiera» ere.

Gernikan ospatuko du aurten Independentistak sareak Aberri eguna, eta honekin bat egin du Sortuk: «Duela 80 urte faxisten bonben sugarretatik bizirik ateratako herria da gurea. Eta bakearen eta askatasunaren aldeko borrokak aurrera darrai». Horregatik, herritarrak egin ditu prozesu soberanistaren ardatz: «Orain herriak berriz ere lekukoari eutsi eta askatasuneraino eramateko sasoia da. Herriak bakarrik salba dezake herria. Prozesu soberanista bat martxan jartzeko sasoian gaude horretarako prest gaudenon artean».

Modu berean Aralarrek Aberri Egunean Gernikan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei. «Gernika ikur bihurtu zuten duela 80 urte faxistek eta Gernikaren esanahiak ozen entzuten ditugu gaur egun: herri honen erabakitzeko nahiaren isla da Gernika eta herri honen etorkizun askean sinisten dugun topalekua bihurtuko dugu», adierazi dute.

Bide horretan, azken asteburuan Baionan eta Iruñean bildutako milaka lagunak jarri dituzte adibide.
«Bakearen bidetik eraikiko dugu elkarbizitzan Euskal Herri berria, justuagoa eta duina. Herritarrek erabakiko dute, kanpoko esku-hartzerik gabe eta mundu osoko herriekiko elkartasunean hazia jarrita».

Eusko Alkartasunak ere bat egin du deialdiarekin. «Aberri Eguna ospatuko dugu Estatu bat eraikitzen ari garenaren uste osoarekin. Nahita diogu Estatua eta ez herria edo nazioa: herrialdea badugu, Estatua da eraikitzen ari garena. Gure egitura instituzionala sortzen ari gara eta horretarako gizarte sentiberatasunari erantzuten dion oinarri sendoa daukagu», azaldu dute.