Jon Ormazabal
EIBAR

Jaunarenaren hutsek Retegiren zalantzak argitu dituzte (22-15)

Eratsungoa erritmo faltaz kantxaratu da baina Leitzakoak egindako 11 hutsek bidea ireki diote aurrelariari. Joseba Ezkurdia izango da bere arerioa igandean Gasteizen.

Retegik Jaunarenaren hutsak baliatu ditu (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Retegik Jaunarenaren hutsak baliatu ditu (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Txapelketarako justu-justu osatuta, zalantzaz beterik agertu da Julen Retegi Astelenara eta erritmo falta nabarmena duela nabaritu zaion arren, berezkoak dituen seriotasunak eta pilotari senak hurrengo kanporaketarako txartela eman diote. Jon Jaunarenak ere asko jarri du bere partetik, baina lehiako pilotakadarik distiratsuenak bereak izan diren arren, egindako 11 akatsak eta erantzuteke utzi dituen lau sakeak gehiegizko zama izan dira.

Molde klasikoko bi pilotari hauen arteko lehia orekatu xamarra izan da hasieran, beti ere Julen Retegi aurretik zela (8-6). Hala ere, partidak aurrera egin duen eran Leitzako pilotaria hutsak pilatzen joan da, eta berea txukun egitea nahikoa izan du Retegik aldea egiteko. Eratsungoak mina sentitu du sorbaldan eta ez du ezkerra erabat luzatzerik izan, baina pilotalekuan ondo kokatuta egotearekin nahikoa izan du.

Txaparekin ere haserre xamar aritu da Jaunarena, ia inoiz ez da bi pilotakada on segidan jotzeko gai izan eta lehen jardunaldian sartu diren atzelari guztiek bezala agur esan dio lehiari. Ostiralean Victorren aurka Bergaran arituko den Rezusta da txapelketan geratzen den atzelari bakarra.