
Maiatzaren 7ko galdeketa olatura igoko da Lea-Artibai eskualdea, eta deialdiari babesa emateko, herrietako udal hautetsiek agerraldiak egin zituzten atzo, larunbatean Lasarte-Orian eta Debabarrenean egin zuten bezalaxe jendartea parte-hartzera deitzeko, ez baita «etxean gelditzeko eguna».
Adierazi zutenez, «Historian atzera eta aurrera eginez gero, argi dago euskal herritarron burujabetasun egarria ase barik geratu dela ia beti, beti ez bada». Ekimena orain herritarrek bere gain hartu dutela txalotuz, erabakitzearen alde batu direla goraipatu zuten. Norabide horretan kokatu zituzten bi aste barru egingo diren galdeketak.
«Lekeitioko udal ordezkariak 1931n Gernikara joan ziren, Euskal Errepublika aldarrikatzeko deiari erantzunez. Urte hartako ekainaren 14an Lizarran elkartu ziren Hego Euskal Herriko udal ordezkaririk gehienekin batera eta Lizarrako Estatutu egitasmoa sortu zen batzar hartatik», ekarri zuten gogora.
Orain, Gure Esku Dago abiarazi duen ekimenaren harira, zera adierazi nahi izan zuten aho batez hautetsiek: lehenik eta behin, «euskaldunok, euskal herritarrok, behin eta berriro adierazi dugu historian burujabe izan nahi dugula», eta burujabetasun nahi horrek historian zehar «era guztietako mugak» aurkitu dituela, baita ere, erantsi zutenez, «demokrazia garaietan».
Alta, demokrazian, herritarren borondatea zein den jakiteko «erarik zuzenetarikoa» herri galdeketak direla uste dutenez, babes osoa berretsi zioten «eratzen dabilen galdeketari». Azkenik, Euskal Herri burujabearen alde egiten dutela adierazi zuten.
Elorrion Kirol Eguna
Egun berean erabakitzeko eskubidea gauzatuko duen herrietako bat da Elorrio, eta horri bultzada emateko Kirol Eguna deitu zuten atzo. Ekimen ugari zeuden antolatuta, kirol jardueretan arreta berezia jarrita. Goiz osoan eskalada, mendi irteera, BTT lasterketa, mendi lasterketa, natur bidea, gimnastika, areto futbola, irristaketa eta pilota saioak izan ziren, besteak beste.
Zehazki, eskualde eta herri hauetan hartuko dute hitza datorren maiatzaren 7an: Debabarrena, Durangaldea, Lasarte-Oria, Usurbil, Lea-Artibai, Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Uribe-Butroe, Uribe Kosta, Urola Kosta, Zeanuri eta Zubieta.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete
