Jon Ormazabal

Indarrean ekin dio Irribarriak txapelaren defentsari (22-6)

Partida hasieran huts batzuk egin ditu Aramarrak eta Artola 3-5 aurreratu da baina sakearekin bikain asmatu du txapeldunak eta Alegiarrak ez du batere estutu.

Irribarria pilota eskuinez astintzen (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Irribarria pilota eskuinez astintzen (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Binakakoan txapela elkarrekin lortu zuten Iker Irribarria eta Beñat Rezustak elkarren aurka jokatuko dute Buruz Buruko finalerdia, aurrelariak oso erraz irabazi baitio Iñaki Artolari final laurdenak itxi dituen partidan.

Mami gutxiko lehia izan da Astelenan jokatutakoa, hasieran pilotaleku berriari neurriak hartzea kosta zaion arren, behin lekua hartuta, berea eman ez duen Iñaki Artola baino askoz hobeto aritu baita txapelduna. Buruz burukoan gorriz jokatu beharreko lehen partida zuelako edo, ez du lehia ondoegi hasi Irribarriak, aukera aukerako pilota pare bat gora bota ditu eta dejadaz lortutako tanto bati esker, 3-5 aurreratu d eta Alegiarra.

Hala ere, suerte apur batez lortutako tanto bati esker sakea berreskuratu, lehen pilotakadarekin asko asmatu eta ia zuzenean joan da Aspekoa 22. kartoira. Pilota erraz mugitu du txapeldunak eta beti behartuta, berea ematerik ez du izan Iñaki Artolak. Alegiarra zerbait gehiago egin ahal izanaren penaz joan da etxera, baina gaurkoan ezinezkoa zirudien inork Irribarria menderatzea eta txapela errepikatzeko hautagai sendoa dela berretsi du.