NAIZ
DONOSTIA

Kortxoenearen desalojoarengatik bi lagun epaituko dituzte ostegunean Donostian

Donostiako Kortxoenea gaztetxearen desalojo eta birrintzearen harira Ategorrieta izandako eserialdian atxiloturiko bi lagun epaituko dituzte ostegunean, urtebeteko espetxe zigor eskaerari bati aurre egin beharko diotelarik. «Guztia horren ohikoa dugun muntaia polizial batean oinarritzen da», salatu du Kortxoenea Gaztetxeko Batzarrak.

2015eko azaroaren 3an izan zen Kortxoenea gaztetxearen desalojoa eta birrintzea. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
2015eko azaroaren 3an izan zen Kortxoenea gaztetxearen desalojoa eta birrintzea. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Ez da lehen aldia desobedientzia zibila oinarri duen protesta baketsu batean parte hartzeagatik Ertzaintzak herritarrak atxilotu eta auzipetu dituela, horretarako gezurra eta manipulazioa probestuz, eta beste behin ere gogor salatu nahi dugu hau guztia», salatu dute. Ostegunean, 9.30ean kontzentrazio batera deitu dute Donostiako epaitegiaren aurrean.

Gauzak horrela, 2015eko azaroaren 3an Kortxoenea desalojatu ondotik, Mozal Legea delakoa aplikatuta sei isu jaso dituzte. «Oraingoan guri egokitu zaigu estatistika hauen parte izatea, eta ezin gara isilik geratu.Mozal Legea herri mugimendua zapaltzeko beste tresna bat besterik ez da, eta Ertzaintza berau aplikatzeko konpromiso argia erakusten ari da. Erantzun beharrean gaude», adierazi dute.

Honekin batera, Ertzaintzak Kortxoenea gaztetxeren desalojoan izan zuten jarrrera salatu dute. «Gogora ekarri behar dugu Ertzaintzak bazekiela noiz, nork eta nola desalojatuko zuten Kortxoenea, eta beren dispositibo guztia legez kanpoko prozesu hori  babesteko helburuarekin prestatu zuten», azaldu dute.

«Azaroaren 3 hartan, eraikuntza enpresaren soldatapeko kaputxadun mertzenarioek Kortxoeneako atea bota eta burdinazko barrak eskuetan zituztelarik, bertan lotan zeuden lagunak kolpe eta mehatxuka atera zituztela. Hau guztia gertatzen zen bitartean Ertzaintzaren 6 furgoneta Polloeko aparkalekuan zeuden zain. Dispositibo guztia prest zuten, baina bizilagunen hainbat dei jaso arren ez zuten gerturatu nahi izan, jakin baitzekiten gerturatuz gero desalojo ilegal hura burutzen zutenen aurka egin beharko zutela, eta ez ziren bertaratu Kortxoeneako hiru kide teilatura igo ziren arte», gogoratu dute, Donostiako Udal Gobernuaren ardura ere aipatu dutelarik.