@gara_miantzi
DURANGO

55.000 lagunek eman dute botoa 18.00etarako, %22,33k

Egun handia eta ederra aurreikusten zen, eta hala izaten ari da, hala dio behintzat Durangoko ekitaldi nagusian bildu den jende guziaren irribarre zabalak. 52 herritan ireki dituzte hautetsontziak, eta 248.000 lagun daude Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan iritzia ematera deituta. 18.00etarako, partaidetza %22,33koa zen eta boto-emaile kopurua 55.376koa.

Aurretik galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariak igo dira oholtzara Durangon. (ARGAZKI PRESS)
Aurretik galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariak igo dira oholtzara Durangon. (ARGAZKI PRESS)

Baina, lehenbiziko zenbakiez harago, Ezkurdi plazan egindako ekitaldi hunkigarriak izan du bertze funtsik. Aitzinetik herri kontsultak antolatu dituzten herrietako ordezkariak igo dira oholtzara, Etxarri Aranatzetik hasita. Bertako herritar batek hartu du hitza, eta erran du lehenengoa, bigarrena edo hirugarrena izateak ez duela inporta; kontua da «hemen herri bat dagoela erabaki nahi duena, erabakitzen ari dena, eta etorkizunean erabakiko duena».

Oiarbidek sarri aipatzen duen esaldiari buelta emanez –gai hau inportanteegia da bakarrik politikarien esku uzteko–, zera adierazi du: «Politikariei esan behar diegu gai hau inportanteegia dela bakarrik herritarren esku uzteko».

Txalo zaparradarik handiena eta unerik hunkigarrienetakoa Oiarbidek Carme Forcadell eta bertzeen epaiketaren bezperan, Kataluniatik gurera begirale gisa etorri den Jordi Sanchez aurkeztu duenean etorri da. Bi arrazoik ekarri dutela azaldu du ANCko presidenteak. Lehenik eta behin, gaurko kontsultak serioak eta zorrotzak direla eta berme guztiak betetzen dituztela egiaztatzea da bere eta gainerako begiraleen funtzioa. Hala egiten ari dira. Kontatu duenez, goizean Azkoitian izan da eta sisteman jada bozkatu duen pertsona baten zenbakia sartu dute froga egiteko. Sistemak ez duela bi aldiz bozkatzen uzten frogatu dute hala.

Bigarrenik, nola ez, Kataluniaz solas egin du. «Instituzioek antolatutako erreferendum baten data eta galdera adosteko atarian gaude. Badakigu loteslea izanen dela. Zalantzarik gabeko gehiengo independentista batekin bururaino eramanen dugu herritarron prozesua. Eta hori eginen dugu lehenago herritarren mobilizazioa egon delako, orain hemen bezala», azpimarratu du. 

«Azkar ikusiko dugu elkar, denok erabakitze eskubidea gauzatzen» promes eginez agurtu da, txalo bero eta indartsuen artean. Lehenbiziko ilaran ikus daiteke adineko emakume bat, Gure Esku Dagoren kamiseta soinean, betaurrekoen azpitik malkoak idortzen. Hunkituta dago jendea.

«Milesker erabakitzeko hazia jarri zutenei –erran dute Nikolasek eta Oiarbidek–. Ausardia, antolatzeko gaitasuna, konbentzimendua eta determinazioa eduki zituzten, eta horri esker ari gara erabakiari ate berriak zabaltzen. Bejondeizuela guztioi!».

Amaitzeko, datorren ekainaren 10ean Bilbon eginen den mobilizazio nazionalean parte hartzera dei egin diote jendeari. Bertan, itun demokratikoa aurkeztuko dute, eta borondate guziak kalean batera erakusteko aukera izanen da. «Ezina ekinez egiten delako, gora herria! Gora zuek!» oihuak itxi du ekitaldia.