NAIZ

Zorrotzako auzokideek larunbatean egindako muralaren ezabaketa salatu du EH Bilduk

EH Bilduk gogor salatu du udal gobernuak trenbide pasagunearen estaltzea eskatuz Zorrotzako auzokideek larunbatean egindako murala ezabatu izana.

FEVEren lurperaketa eskatzen zuen murala ezabatu dute Zorrotzan.
FEVEren lurperaketa eskatzen zuen murala ezabatu dute Zorrotzan.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak udal gobernuak Zorrotzako auzokideek egindako murala ezabatu izana salatu du. Auzokideek trenbide pasagunearen estaltzea eskatzen zuten larunbatean egindako muralean.

«EAJk eta PSOEk 60 ordu baino ez dute behar izan mural hori ezabatzeko», kritikatu dute. «Auzokideen aldarrikapena ezkutatzen saiatu dira EAJ eta PSOE. Urteak dira auzoak pasagune horren estaltzea eskatzen duela eta inork ez die jaramonik egin. Hala ere, badirudi murala ezabatzeko presa handia izan dutela», salatu du Zubizarretak.

Zinegotziak gogoratu du auzokideek udalari eskatu ziotela murala errespetatzea eta ez ezabatzea. Hala ere, kritikatu duenez udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSOEk ez diete jaramonik egin auzokideei.

«Ez da lehen aldia hori gertatzen dela. Gogoratu behar da Yolanda Gonzalezen omenez egindako muralarekin gauza bera egin zutela Deustuibarran orain dela urte batzuk», azpimarratu du Zubizarretak.

EH Bilduk Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren premiazko agerraldia eskatu du murala ezabatzeko arrazoiak azal ditzan.