Jon Ormazabal

Airean ibili du Bengoetxeak Urrutikoetxea eta bere hirugarren finala jokatuko du jarraian (22-8)

Leitzako aurrelariak sekulako erakustaldia eman du hasieratik, motzean jokatuta Zaratamokoa ito egin du eta ez dio batere aukerarik eman.

Bengoetxeak ez dio aukerarik eman Urrutikoetxeari. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Bengoetxeak ez dio aukerarik eman Urrutikoetxeari. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Aspaldi honetan sartuta dabilen joko bolada ikaragarriari jarraipena eman dio Oinatz Bengoetxeak gaur Labriten jokatutako Buruz Burukoaren finalerdian eta, Mikel Urrutikoetxea txikituta hirugarren finala jokatuko du jarraian, Lau eta Erdikoan eta Binakakoan aritu ostean.

Partida askoz orekatuagoa espero zen, are gehiago, dirua bizkaitarraren alde irten da 100/70eko momioekin, baina perfekziotik oso hurbil jokatuta, lehia hasperen batean lehertu du nafarrak.

Erritmo itzela sartu die Bengoetxea VI.ak tantoei, Mikel Urrutikoetxeari kantxan jokatzeko astirik eman gabe eta berehala 12-1 aurreratu da markagailuan. Sakearekin ere oso zorrotz aritu da leitzarra, paretara bikain gurutzatuz eta Zaratamokoak ez du erantzunik izan (17-3).

Bere jokoa aurkitu ezinik, airez bikain defendatu den aurkaria, bai eskuin sotamanoz eta bai ezker gantxoz, goitik pasatzea ezinezkoa egin zaio bizkaitarrari, partida amaieran markagailua pixka bat txukundu baino ez du egiterik izan. Leitzarrak bihar Astelenan jokatuko den Irribarria / Rezusta partidaren irabazlea izango du arerio, gauzak normal, hilaren 28an jokatuko den finalean.