NAIZ
DONOSTIA

Kartzelak husteko borrokan segitzeko deia egin du Kalera Kalerak Errenterian

1977ko maiatzaren 8tik 14ra bitartean izandako Amnistiaren Aldeko Astearen baitan Poliziak hil zituen zazpi lagunak gogoratu dituzte Errenterian, Kalera Kalera dinamikak deitutako manifestazioan. Espetxeak husteko borrokan jarraitzeko deia ere egin dute.

Errenteriako kaleetan barrena egin du manifestazioa Kalera Kalera ekimenak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Errenteriako kaleetan barrena egin du manifestazioa Kalera Kalera ekimenak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ezker abertzaleko Kalera Kalera dinamikak deituta, ‘Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera’ lemapean, manifestazioa egin dute Errenterian, herriko plazatik abiatu eta Alamedan bukatu dena. Bi milatik gora lagun bildu dira bertan, GARAren zenbaketaren arabera.

Mobilizazio honekin, duela 40 urte, 1977ko maiatzaren 8tik 14ra bitartean egin zen Amnistiaren Aldeko Astearen baitan Poliziak hil zituen zazpi lagunei omenaldia egin diete, bereziki Errenterian hil zituzten hirurei: Clemente del Caño Ibañez, Gregorio Maritxalar Aiestaran eta Rafael Gomez Jauregiri.

Bukaerako ekitaldian, Seanna Walsh Sinn Feineko preso ohien batzordeko buruak hitza hartu du, Euskal Herriak bizi duen prozesuarekiko elkartasun hitzak eskainiz.

Oihana Matxain errenteriar gazteak eta Juan Mari Olano ezker abertzaleko militanteak ere hartu dute hitza.

Olanok azpimarratu du duela 40 urte, borrokaren bidez lortu zela amnistia. «Ez zen benetako amnistia izan, baina gure borrokalariak espetxetik ateratzeko baliagarria izan zen. Borrokarekin egin genuen baliagarria», nabarmendu du.

«40 urte geroago, gure borrokalariak kalera ateratzeko eskatuz gabiltza, amnistia ere eskatzen gabiltza», adierazi du Olanok.

«Presoak, iheslariak eta deportatuak Euskal Herriko kaleetara lehenbailehen itzultzeko eredu bat behar dugu, eta trantsizioan bezala borroka eginez lortu behar dugu», esan du, eta jarraian gehitu du borroka hori ez dela eten. «Aurrera jarraitzen du».

«Gure lagunak Euskal Herriko kaleetara ekartzeko eta amnistiaren norabidean bidea eginez, lehenengo erronka dugu Kalera Kalera. Dinamika honek lehentasunak marraztu ditu: preso gaixoak, kalera; urte asko dituzten presoak, kalera; (...) Horrela, kartzelak hustu arte», azpimarratu du.

Era berean, datorren astean espetxe desberdinetara antolatutako martxetan parte hartzeko deia egin dute. «Maitatuak sentitu daitezen, oso garrantzitsua da hori», esan du Olanok.