Idoia ERASO

Telefono mugikorra eskuorrien tokia hartzen hasiko da Herri Urratsen

Teknologia berriek urrats berri bat eginen dute gaur bestazaleen informatzeko eran. Herri Urratsen eskuorrien bidez ematen den informazioa, eta gehiago, webgune fisiko batean zabalduko da. Proba eguna du euskal jaietarako aproposa izan daitekeen tresnak.

Gaur dute Ipar Euskal Herriko ikastolek urteroko besta, beti bezala Senpereko aintziraren inguruan. Baina, ohi ez bezala, bertan izanen diren ekitaldien berri jasotzeko telefono mugikorrak erabiltzeko parada izanen da. Paperaren eta euskarri digitalen arteko lehian, beste aurrerapauso bat emanen du azken honek. Jaira heltzean gune ezberdinetako egitarauen berri ematen duen eskuorriaren ordez, hurrengo urteetan informazio hori telefono mugikorren bitartez jasotzeko lehen urratsa izan daiteke, baita orain arte jakin ezin zitezkeen azken momentuko berriak ere.

Horretarako webgune fisiko bat jarri dute martxan; webgunearen eta aplikazioaren artean kokatzen den tresna da. Googlek 2015ean sortutako baliabide honekin lan egiten du Stephane Kreckelberghek. Seaskako ikasle ohia, eta gaur egun Donibane Lohizuneko ikastolako gurasoa, Estia ingeniaritza eskolako irakaslea eta ikertzailea ere bada. 2015ean Bidarteko Izarbel parke teknologikoan Lekooa enpresa sortu zuen, eta bertan duen zerbitzua eskaini zuen hain ondo ezagutzen duen ikastolen mundurako baliagarria izan daitekeelakoan.

Gaurko proba hori besta giroko erabilerari dagokionez primizia dela azaldu zuen ingeniariak: «Oso gauza berria da; mundu mailan beharbada izan da lehenago, baina guk ez dugu atzeman; benetan berritzailea da». Honen inguruan ezagutza urria dela-eta, «komunikazioa eta pedagogia» egiteko, Kreckelbergh eta bere lankideak dispositiboa ezarrita egongo den Araba eta Nafarroa guneetan izanen dira.

Herri Urrats bezalako jaietarako oso tresna aproposa izan daitekeela uste du Kreckelberghek. Denbora mugatu jakin batean erabiltzeko soilik diren baliabideak izanik aplikazio bat sortzea baino praktikoagoa dela dio bultzatzaileak. Askoz merkeagoa dela nabarmendu zuen, eta aldi berean erabilerraza: «Helburua sinplea izatea da».

Gainera, aplikazioak ez bezala, ez da telefonoan deskargatu behar. Erabiltzaileei eskatzen zaien gauza bakarra beraien telefonoan Google Chrome sistema izatea da. Aldiz, i-Phone-en erabiltzaileek horretara egokitzeko aplikazio bat deskargatu beharko dute. «Aplikazio mutu bat bezala definitu daiteke, ez zaiona erabiltzaileari inposatzen, eta Google-ren teknologia baliatzen duena», azaldu zuen Lekooako nagusiak. Erabiltzaileak informazioa transmititzen den tokian egonez gero jaso dezake soilik.

Bluetooth-en bitartez konektatzen da telefonoa eta hortik internetera. Bi baliabide horiek dituzten alde txarrak hein batean mugatzen direla azaldu zuen Kreckelberghek; izan ere, Bluetooth Smart Technology-ren bitartez ohi baino 100 aldiz energia gutxiago kontsumitzen da, eta interneti dagokionez, konektibitate oso txikiarekin ere ibiltzen dela azaldu zuen.

Zerbitzu anitz

Zerbitzua eskainiko den Nafarroa eta Araba guneetako eszenatokien ondoan ezarritako beacon dispositibo txikien bitartez hedatuko da. Baliatu ahal izateko, erabiltzaileak inguru horretara hurbiltzean bluetootha aktibatu beharko du, eta segidan smartphonean jakinarazpen bat jasoko du. Horren gainean klikatuta hainbat zerbitzu agertuko dira.

Lehenik eta behin, eskuorrian azaltzen diren testu eta irudiak eskuragai izanen dira. Erabiltzaileak dagoen guneko programa izanen du, geolokalizazioaren bitartez. Bertan emanaldia eskainiko duten taldeen izenaren gainean klikatuta horiei buruzko informazioa agertuko da, baita horien sare sozialak ere. Halaber, Herri Urratsen sare sozialak ikusteko parada emanen du sistemak.

Bestalde, Senpereko aintziraren inguruan ezarritako dispositibo ezberdinen mapa izango da Google Maps-en bitartez, non guneak interes puntuekin markatuak izanen diren. Azkenik bestaren antolatzaileekin harremana atxikitzeko aukera emanen da. Herri Urratsera hurbiltzen den jendearen soziologia kontuan harturik informazio guztia hiru hizkuntzatan eskainiko da: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz.

«Espresuki egina da informazio gutxi ematea, horrela Bluetooth Low Energy (energia gutxi erabiltzeko) sistema erabil daiteke. Gainera filosofia sinplea eta eraginkorra izatea da, informazioa errazki pasatzeko», azaldu zuen sistemaren kudeatzaileak.

Zerbitzu honek bat-batekotasuna eskaintzen du, unean uneko informazioak errazki eskuragarri jarriz. Horrela, azken orduko aldaketaren bat izanez gero, horren berri izateko aukera ematen du.

 

Programa zabal eta oparoa aintziraren inguruan

Eskuorri edo telefono bidez, gaurko antolatuta dauden ekimenen berri izaten ahalko da Senperen, baina eguna lehenagotik prestatu nahi dutenentzat eskaintza askotarikoa izanen dela aurreikustea komeni da.

Herriurrats.eus webgunean infomazio guztiak atzeman daitezke, baina ideia orokor bat ematearren, Ken Zazpi, Huntza, Zea Mays, Muda, Zoo, Xabaltx eta Anje Duhalde izanen dira, besteak beste, giroa berotzen. Bestalde, Ereintzak Gipuzkoako dantza tradizionaletik abiatutako obra eskainiko du eta Izartxo talde uztariztarrak “Akelarre” ikuskizuna eskainiko du sorginen auzien inguruan.I. E.