Nagore BELASTEGI

Gizartea eraldatzeko asmoz, enpresek hitza eta aurrea hartzen dutenean

Dirua irabazteko egiten dugu lan eta dirua irabazteko sortu ziren enpresak. Baina enpresak eta enpresak daude eta batzuek printzipio sendoagoak dituzte besteek baino. Horien inguruan sortu ziren kooperatibak eta orain, garai bateko arima soziala berpiztu nahian, pausoak ematen ari da Ulma.

Lagun artean bezala gauzatu zen atzoko Ulmako jardunaldia. Oñatiko taldeko lehendakari Raul Garciak hitzaldia eman zuen instalazio zentraletan. Ez zeraman gorbata eta trajerik, kamiseta soil bat baizik; harrigarria zaigu ohituta gaudelako enpresetako karguak dotore ikustera. Baina Garciak berak esan zuen bezala, Ulma ez da enpresa arrunta, kooperatiba bat baizik. Horregatik, baliteke bere arropa ere jendearekin konektatzeko helburuz aukeratu izana. Taldetxoa osatuta zegoela, denak batera abiatu ziren U forma zuen mahaia zegoen gela batera. Inguruan eseri ziren entzuleak, beste kooperatibetako ordezkariak gehienak.

Bai Euskarari elkarteak sustatutako Enpresarean proiektuaren baitan eskaini zuen bere hitzaurrea Raul Garciak. Foroak ematen zion tarte hori erabili zuen kooperatiba baten balioak zeintzuk diren azaltzeko eta, aurrera begira, horiek indartzeko Ulmak dituen erronkak azpimarratzeko.

Esan zuenez, 2004an Ulma Fundazioa sortu zuten, enpresen arteko funtsak kudeatzeko tresna bezala. Kooperatibek euren urteko irabaziak gastatu egin behar dituzte, baina fundazioa ez dago derrigortuta. Horrela, diru poltsa bat osatu ahal izan zuten. «Krisian oso ondo etorri zaigu enpresa batzuek irabaziak izan dituztelako baina beste batzuek galerak», esan zuen Garciak, gogoratuz Ulmak bere baitan enpresa asko dituela, horietako 7 bakarrik Oñati herrian.

Baina funts hori izateak ez du esan nahi kooperatiba bakoitzak, bere aldetik, ekarpenik egin behar ez duenik. «IPDK dugu, heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako kontribuzioa, irabazien %10 izan behar dena», azaldu zuen. Inbertsiobideak hautatzeko kooperatibismoaren oinarriak izaten dituzte kontuan; besteak beste, gizarte eraldaketa.

«Gure jardunean munduko onenak izan behar gara, baina gure azken helburua ez da dirua lortzea, baizik eta eraldaketa soziala; hau da, lanean gauden bitartean gizarteko beste kontu batzuetan inplikazioa sortzea», esan zuen. Baina, hori nola lortzen da? Garciaren ustez, kooperatiba batean lan egiteari zentzua eman behar zaio, kooperatibak gainerako enpresetatik bereiztea; izan ere, egun, askok pentsatuko dute berdinak direla. Horregatik, momentuz kanpoko erakundeekin harremanak hasi dituzte, baina ez du uste nahikoa denik eta etorkizunean proiektu propioak garatzeko grina dauka Ulmako lehendakariak. Une hori noizbait irits dadin, Eraldaketa Sozialerako Batzordea sortu dute, Euskara Batzordearen pausoei segika. Azken honek lan txukuna egin duenez eta jada emaitzak ikusten ari direnez, eraldaketa sozialarekin ere gauza bera gertatzea nahi dute.

Batzorde horren baitan arlo bakoitzeko erakunde batekin aritu nahi dute elkarlanean, hori sustatu ahal izateko. Beste batzuk diruz lagunduko dituzte, baina nahiago dute urteko irabazien arabera elkarte kopurua moldatu, eskaintzen duten laguntza egokia izan dadin. «Diru askoren %10a asko da», esan zuen, baina krisiarekin kantitate hori asko murriztu da. Adibidez, aurten 400.000 euro dituzte IPDKri eskaintzeko, beste urte batzuetan bi milioi euroko aurrekontua izan dutenean.

Bidaia harrigarria

Jorratzen dituzten arloak hauek dira: garapenerako kooperazioa, ongizatea eta osasuna, kooperatibagintza, hezkuntza, euskara, gizarteratzea, ingurumena, kirola eta kultura. Adibidez, garapenerako kooperazio arloan Mundukiderekin aritzen dira lanean. «Sentsazionalismoa erabili dugu aurten jendea erakartzeko; ‘nahi al duzu bidaia harrigarri bat egin?’ eta klikatzean azaltzen genuen zertarako zen». Mundukidek garapenean dauden herrialdeei laguntzeko proiektuak garatzen ditu.

Bestalde, gizarteratze arloari buruz esan zuen Ulmak asko duela egiteko. Orain arte urritasunak dituzten langileei azpikontratazioen bidez eskaini izan dietela lana, baina pauso bat harago eman nahi dutela eta langile propioak izatera pasatu nahi dutela, beste enpresa batzuetan egin duten bezala, langileen baldintzak hobetzen direlako.

Euskarari dagokionez, adierazi zuen enpresarentzat balio erantsi bat badela, kanpoko bezeroek ikusten dutelako «gure hizkuntza, gure identitatea eta gure lana zaintzen ditugula». Oñatira begira, herri euskalduna denez, «Ulmak euskalduna izan behar du, gazteek euskaraz lan egiteko aukera izan dezaten. Lekuan lekuko hizkuntzak lehentasuna izan beharko luke», azpimarratu zuen. Esan eta izan, egun Ulmako langileen %82,2 elebiduna baita.