Nagore BELASTEGI

Tokiko baserritarren produktuei bultzada emateko lankidetza

Baserritarren arteko lehiak alde batera utzi eta indarrak batzeko aukera sortu da Urola Garaiko eta inguruko herrietan. Bertatik bertara proiektuak euren produktuak ezagutzera emateko, sinergiak sortzeko eta, berrikuntzak sartuz, ohitura zaharrak berreskuratzeko parada ematen die 27 parte hartzaileei.

Mikel Elgarresta Urretxuko Donardegi baserrian aritzen da. Txahal haragia ekoizten du baina abere bolumen handia duenez, produktua saldu ahal izateko laguntza ongi etorria izaten ari da. «Harakinak lehen baserrira joaten ziren erosi behar zituzten txekorrak nola bizi ziren ikustera, baina orain nahikoa dute komertzialari deitu eta behar dutena eskatzea, eta hurrengo egunean dendan dute. Gure aldetik berdin, lehen gehiago mugitzen ginen eta harategira joaten ginen begiratzera ea nork ordaintzen zuen gehiago. Baina orain hiltegira deitzen dugu eta ahaztu egiten gara», aitortu zuen abeltzainak. Beraren ustez, egokiena litzateke bitartekariak kentzea eta haragia hiltegira, eta bertatik zuzenean kontsumitzailearengana iristea.

Horixe zen Urretxuko nekazari batzuk bildu zirenean zuten helburua. Bertako haragia herrian saltzeko aukerarik ba ote zegoen ikusi nahi zuten. Uggasa Urola Garaiko garapenerako agentziarekin eta Goimen Goierriko landa garapen agentziarekin harremanetan jarri ziren, eta Bertatik Bertara proiektua eratu zuten. 2014tik geroztik hazten joan zen eta jada zazpi herritako 27 ekoizlek egin dute bat. Horietako beste bat da Legazpiko San Miguel baserriko Gorka Iñurritegi, zeinek baratzeko produktu ekologikoak ekoizten dituen. Produktu gehienak kontsumo taldera bideratzen baditu ere, soberakinak saldu ahal izateko baliagarria zaio Bertatik Bertara, saltokietara jo dezakeelako. Hala ere, berarentzat abantailarik baikorrena beste nekazariekin sortu den harremana da. «Barazki ekologikotan hiru gabiltza eta elkarren artean lagundu egiten gara. Duela gutxi kazkabarrak produktua izorratu zidan eta besteen babesa daukat. Halakorik orain arte ez da izan; beraz, badago aldaketa bat».

Pixkanaka, aurrera

Proiektuarekin lortu nahi dutena da iraganean zeuden ohitura onak berreskuratzea. Esaterako, tokiko baserritarrekin herritarrek zuten harremana kaltetu egin dela uste dute, eta hori berreskuratu nahi dute. Halere, nekazariak beraiek jabetzen dira garai berriak direla eta beraiek ere moldatu egin behar direla. Adibidez, Elgarrestak kontatu zuen abeltzain gehienek hiltzeko moduko abereak udan izaten zituztela, baina hain justu haragia gutxien kontsumitzen den garaia dela. Hala, intseminazioaz baliatuz, txekorren jaiotzak beste garaietarako planifikatu behar dituzte.

Nekazaritzari dagokionez, Iñurritegik aipatu zuen berak marmelada egiten duela baina etiketa ez duenez ezin duela kontsumo taldean sartu. Horregatik, denen artean erabili ahal izateko eraldaketa planta bat egotea babesten du, eta horren harira, Zaldibian jada eraikita dagoen lantegia aipatu zuen, martxan jartzeko borondate politikorik ez dagoela salatuta.

Uggasaren aldetik, Josune Makaiak kontatu zuen ekimen desberdinak egiten dituztela baserritarren produktuak gizarteratzeko. Esaterako, udaletako zozketetan ematen dituzten sariak jaki otarrak izaten dira, ferietan postuak jartzen dituzte, lehiaketak antolatzen dituzte eta asteroko azokak berreskuratzen saiatzen ari dira. Bestalde, eskoletako jangelak bertako produktuez hornitzen saiatzen dira, nahiz eta nekazari txikientzat zaila den, ez dutelako eskaera handiari aurre egiteko gaitasuna.

Azken batean, baserritarren arteko harremanak aurrera egiten duela ikusteak ilusioa egiten duela aitortu zuen. Izan ere, Elgarrestak eta Iñurritegik kontatu zutenez, duela gutxi Beizamako kide batek Zumarragako intxaurrekin olioa egiten hasi dela aipatu zien eta dastatu zezaten bilera bat egin zuten. Ezagutzen ez zuten produktu bati buruz ikasteko aukera izan zuten eta haientzat formakuntza ere bada. Europara begira jarri dira orain, aurreratuagoak daudelako, eta bertako nekazariez ikas dezaketela uste dute.