NAIZ
LONDON

Garbiñe Muguruza, Wimbledon-eko txapeldun

7-5 eta 6-0 nagusitu zaio Garbiñe Muguruza Venus Williamsi Wimbledoneko finalean. Lehen seteko berdintasuna hautsi eta bigarren setean aise nagusitu da jatorri euskalduneko jokalaria.

Garbiñe Muguruza partida irabazi berritan. (Adrian DENNIS | AFP)
Garbiñe Muguruza partida irabazi berritan. (Adrian DENNIS | AFP)

Bederatzigarren finala zuen jada tenisaren goi mailan bide luzea egina duen Venus Williamsek eta bigarrena euskal jatorriko Garbiñe Muguruza venezuelarrak. Azken honek, finalera bidean erakutsitako moduan, nagusitasunez, bereganatu du Wimbledon txapelketa, 7-5 eta 6-0 irabazita. 

Orain bi urte ere eskura izan zuen Muguruzak Wimbledon txapelketa hau bera, orduan Serena Williams gaurko aurkariaren ahizpa izan zuen aurkari eta ezin izan zuen berarekin, baina gaur etorri da saria. 

Tenisaren mundu mailako izen nagusienetako bat izateko bidean da Muguruza. 2012an, 18 urte besterik ez zituela, Miamiko torneora gonbidatu zuten eta bertan erakutsi zuen gauza handiak egiteko bidean zela. Vera Zvonarena (9. munduko rankingean) eta Flavia Panneta (26.) kanpoan utzi zituen. Txapelketa berean, hurrengo urtean, Anastasia Pavlyuchenkova eta Caroline Wozniaki utzi zituen kanpoan.

Hiru urte eskasean gutxik aurreikusi zezaketena lortu zuen. Roland Garrosen 6-2 eta 6-2 batekin gailendu baizitzaioan txikitatik telebistan jarraitu izan zuen Serena Williams aurreko txapeldunari. Urrats horrekin bere izena mundu osoan lau haizetara zabaldu zen eta gaur, bere historia laburreko bigarren grand slama eskuratuta munduko tenis jokalari onenen artean luzaroan geratzeko asmoz dagoela berretsi du Garbiñe Muguruzak.