Aukeran, terraza eta ura egunez, «siesta», katxiak eta festa gauez

«Ibiltari gauean, logura goizean» esaera zaharra zaharkitua uztea erabaki zuten bertaratutakoek. Goizean goizetik jendeak denbora galdu nahi ez, eta ur bila jo zuen, txerria trufatan bezala. Baten batek ere pot egin zuen hirugarren egunean. Aurrekoan, norbaiti ez zion graziarik egin dianek megafoniaz 9.45ean jotzeak eta atzo ordubete atzeratu zuen antolakuntzak elkartasunerako deia. «Zokorrizta»-k bere krokodiloaren bahiketa salatu zuen eta Kerobiak oilo-ipurdia eragin zion bati baino gehiagori.

Eguraldia lagun izan zuten atzo ere, Hatortxuko hirugarren egunean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Eguraldia lagun izan zuten atzo ere, Hatortxuko hirugarren egunean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Antonio, Paquito eta krokodilo bat Lakuntzan galduta
“Antonio! Antonio! Begirazazue beste aldetik!”, oihu horiekin esnatu ziren goizeko 9etan kanpaleku nagusian atseden hartzen zutenak. Non ote zegoen? Inork ez zekien, ez non, eta ez nor zen Antonio. Agian, atzoko edizioan aipatutako Paquito “hater”-aren bila joan zen, edo “Zokorrizta”-ri bahitutako maskotaren bila joango zen. «Ostiralean, norbaitek krokodiloa lapurtu zidan Berri Txarrak-en kontzertuan, beraz, norbaitek ikusten badu dei nazala, eskertuko nuke», erregutu zuen megafonia bidez kapa berdedun pertsonaiak. «Ziur parranda zuek uste baino hobe amaitu duela Antoniok», erantzun zuen haserre baten batek bere kanpin-dendatik.

Bilaketa hartaz ez zekien ezer goizeko mendi martxara joatekoa zen Idurre Labaka donostiarrak, «Beriain igo nahi nuen baina…». Ez, ez zen joan. Dendatik ateratzen zela eman zituen azalpenak, motxila eta bainujantzia prestatzen zituela, «lagunekin ibai ertzera joateko eta pilak kargatzeko». «Etzazue ahaztu patata frijituen poltsa!», agindu zion kuadrillakide bati.

Mugikorrak baino, pilak kargatzeko beharra
Kanpinetik aterata, Naiz Gunea, gozozaleentzako gosarirako toki estrategiko bihurtu zen. Karpa azpian zeuden gehienek kafea eta opilak zituzten, kanpoan zeudenak goizeko 10.00etako eguzkiak kiskaltzen hasiak ziren. Eta bitartean ilarak komunetan atzokoak kanporatzeko, hortzak garbitzeko edota, herrira bidean, dutxa fresko eta berritzailea hartzeko.

Herrian ere, jendea batetik bestera, etxera zihoazenak, jaialdira iristen ziren batzuk, lakuntzarrak eta herria garbi mantentzen lanean zebiltzan boluntarioak. Terrazak jendez beteak ziren eta mahaiak, kafe katiluz eta urez eta izotzez betetako edalontziz beteta. Azpimarratu beharra dago urak gutxi irauten zuela, «eskerrak iturri honek ez duen etenik», zioen pozik herriko plazan burua garbitzen ari zen gazte batek.

Eta 10.45 aldera dianek jo zuten, “Egun on Hatortxu!”. Bezperan baino ordubete beranduago entzun zen esnatzeko deia; izan ere, “goiz” oheratutako baten bati ez zitzaion gustatu herriarekin batera esnatu behar izatea, eta intentzio txarrez, karabanen kanpineko megafoniako kableak ebaki omen zituen. Antolakuntzak egitarauaren berri eman ondoren, ostiraleko kronika egin zen, eta besteak beste, Facun-ek, «fan-ek erasoa» sentitu zela salatu zuen; «ez dakit zenbat argazki eskatu zizkidaten», zioen barrezka, «baina  baten batek nire mendekua jasoko du».

Siesta gau erdian?
Erreka inguruan, lasaitasuna zen nagusi, baina aurretik aipatutako Idurre Labaka urduri ageri zen: «Non dago patata poltsa?». «Ez dakit, nik hartzeko prest utzi dut», erantzun zuen lagun batek. Horren aurrean, «bainua hartu, eta lehortu bitartean, siesta egingo dut itzaletan bazkaldu aurretik».

Siesta, hori bera esan zien bezperan  gau erdian, lagun batek Ander eta Aritz iruindarrei. «Ostiral gauean, kanpin dendara hurbildu ginen freskuratik babesteko jertse baten bila, eta zarata entzutean, gure kuadrillako bat atera zen, siesta botatzen ari zela esanez», kontatu zuten zalantzaz. Ez ziren ohartu, baina denda inguruan kondoi bat zegoen. Akaso, lagun siestazalea ez zen guztiz zintzoa izan.

Ibai ertzean zegoen Andres Leonard gasteiztarra ere. Bere ilea deigarria zen, luzea, leuna eta koloreduna. «Berez ilehoria naiz, baina orain zazpi koloretan dut tintatua». Energia kontu esoterikoengatik zen ala ez galdetuta, ezetz esan zuen, «gustatzen zaidalako da, eta aurretik beste kolore batzuk nituen, baina orain zilar kolorearen ordez morea jarri dut».

Jendeak uretan bainatzen ziharduen. Batzuek spa-tzat hartu zuten Arakil ibaia, eta urak gutxi estaltzen zuen tokietan etzanda mantentzen ziren, buruz gora batzuk, buruz behera beste batzuk, odolaren zirkulazioa piztu nahian. Pilak kargatzeko eta esnatzeko beharra zegoen. «Oraindik bi egun falta zaizkigu», zioen irriz gaztetxo batek.

Eguerdiko hitzordu nagusia, errekarekin batera, rockaz eta emakumeaz gogoeta egiteko ekitaldia izan zen, Naiz-ek antolatutakoa. Ehunka pertsonak bete zuten karpa, Ariane Kamiok zuzendu eta Maria Rivero, Huntza taldeko Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz eta Hesian-eko Zuriñe Hidalgo eta Ane Bastidak parte hartu zuten mahai ingurua entzuteko.

Atarrabiko gazte bat, Uxue Etxetxikia, amorratuta zebilen «kontzertuetan eta gauean zomorroek eragindako eztenkadak kontatzen», eta tearen zuhaitzaren olioaz azkura baretu nahian.

Soinu proba baino kontzertu inprobisatu bihurtu ziren Kerobiaren beroketa lanak 19.15etik aurrera. Jendea batzen hasi zen, Txuma Flamarike eta Zaratamakersek bati baino gehiagori bestondoa musikaz, betiko rockaz, kendu ziotenean. Kerobiaren kontzerturako agertoki berezia prestatu zen, Etxera gunean, egun guzti hauetan dagoenaren parean. Maisutasunez, nostalgia eragin zieten zaleei, euren betiko kantuez. Aurretik, Naiz Gunean, Negak, Los Chikos del Maiz taldeko kideak, Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa entzuteko.

Neke aurpegia ezin ezabatu zebiltzan asko, besteak beste, «gauean armiarmen beldur ziren bi bizilagun» izan zituen kuadrillak. «Gauez armiarmengatik, eta egunez gozamenagatik zalapartaka egon dira», zehaztu zuen lagun batek. Haiek baino zorionekoagoak ziren, beste hirukote bat, kuadrillakideak ziren ala ez jakiterik ez bazen ere. Berpizteko “tumbabarkos” prestatu zuten. Hori zer zen galdetuta, azkar eman zuten errezeta: vodka, sagar likorea, laranja zuku industriala, edari energetikoa, eta limoi freskagarria. Edabeak itsasontziak irauliko ote dituen  jakiterik ez dago, baina batek baino gehiagok hankaz gora amaituko zuen atzoko parranda.

«Etengabeko bi egun eta erdiko parranda daramate ziur», azpimarratu zuen plazako barran zegoen boluntario batek; «ostegunetik ikusi ditudan une guztietan martxan daude». Tranpa eginez ariko ote ziren amaierarik gabeko parrandari eusten? Haietako batek ez zuen arropa nahikorik ekarri egun guztietarako eta gehigarri honen atzoko edizioarekin tutu moduko gona egitea erabaki zuen.  Ortegak ikusiko balu… Hark ere ziur ideiak ur freskotan argitu zituela.

Hortik aurrera, jendea Beriainen pilatzen hasi zen berriz, Beriain gunean azken-aurreko ahots txorrotadak eta izerdi tantak botatzeko. Vendettak eta Zea Maysek publikoa banatu zuten ilundu aurreko kontzertuetan eta Zook esnatzeko bultzada eman zien nekearen menpe erortzear zirenei.