NAIZ
BILBO

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekide ohiaren etxera bortizki sartzen saiatzeagatik

Bilboko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen ostegun goizaldean Txurdinagan, indarkeria matxista leporatuta, bikotekide ohiaren etxera bortizki sartzen saiatu ondoren. Udaleko alderdi guztiek irmoki gaitzetsi dute gertatutakoa.

Udaltzaingoko iturriek gaur jakinarazi dutenez, atxiloketa iragan ostegun goizaldean jazo zen, Bilboko Txurdinaga auzoan.

Atxilotutako gizona bikotekide ohiaren etxebizitzara modu bortitzean saiatu zen. Aldez aurretik hainbat salaketa zituela adierazi dute iturriek.

Azken asteotan indarkeria matxistarengatik Bizkaiko hiriburuan atxilotu duten hirugarren gizonezkoa izan da.

Adierazpen bateratu baten bitartez, Bilboko Udalean ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek «irmoki» gaitzetsi dute gertatutakoa, «osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina» dakarrelako.

Emakumeari babesa adierazteaz gain, erasoa «arbuiatu eta ulertezintzat jo» dute talde politikoek.

Era berean, Bilboko Udalak «edonolako eraso sexistei» aurre egiteko deia luzatu die herritarrei eta, ondorioz, «inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu».

Jazotakoa gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du Udalak eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta berezitua eskaintzeko asmoz.