NAIZ
BILBO

1.000 ekimenetik gorako egitaraua prestatu du Aste Nagusirako Bilboko Udalak

Abuztuaren 19an hasi eta hilaren 27an amaituko da aurtengo Bilboko Aste Nagusia, eta gaur eman du jakitera Udalak egun horietarako prestatutako egitaraua. 1.000 ekimen baino gehiago prestatu dituzte.

Bilboko Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu du Udalak. (Bilbao.eus)
Bilboko Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu du Udalak. (Bilbao.eus)

«Kultura eta aisialdiaren hiriburu». Hala definitu du Bilbo Itziar Urtasunek, jai zinegotziak, bizkaitar hiriburuko Aste Nagusirako Udalak prestatu duen egitarauaren aurkezpenean. Abuztuaren 19an, 19:00etan, jaurtiko den txupinarekin hasi eta 27an amaituko dira jaiak. Tartean 1.000 ekimen baino gehiago izango direla azpimarratu du Urtasunek, hauetako 400 doakoak direla goraipatuz.

Zinegotziaren arabera, Aste Nagusia «jai ereduari dagokionez nazioartean eredu bilakatu da, bederatzi egunetan kultura eta aisialdi eskaintza zabalena aurkezteko ahalmena erakutsiz». Musikak garrantzi handia izango du, beste behin, egitarau honetan, eta bertan aurki daitezke Esne Beltza, Zea Mays edo Amaral.

Berritasun moduan, aurten, Elkarbizitzaren plazak ‘Bilbao World Coral’ jaialdiaren lehen edizioa hartuko du. Gauero, 21:00ean, Koral baten emanaldiaz gozatu ahalko da. Haurrentzako programazioa, antzerkia edo kirola ere ez dira faltako bederatzi egun hauetan zehar ere. Bestetik, 19tik 25era izango da su artifizialen lehiaketa.

Eraso matxistarik gabeko jaiak

Urtasunek eraso sexistarik gabeko jai batzuen alde egiteko beharra nabarmendu du. Zentzu horretan, ‘Ez ezetz da’ kanpaina ekarri du gogora eta guztientzako jai batzuen alde egiteko beharra adierazi du.