NAIZ

Alaphilippe garaile Xorret de Catiko paretan eta Froome garaipenaren bidean

Julian Alaphilippe izan da, ihesaldia baliatuz, Vueltako 8. etapako garaile. Xorret de Catiko aldapa gogorretan erabaki da lasterketa eta bertan ederki eutsi die Rafal Majkaren erasoei, esprintean bi besoak altxatzeko. Atzetik, sailkapen nagusirako borrokan, Froomek erasoa jo du eta soilik Contadorrek eutsi ahal izan dio, britaniarrak, modu honetan, lidertza sendotuz.

Aise gailendu da Alaphilippe esprintean bere ihesaldi kideen aurrean. (Jaime REINA / AFP)
Aise gailendu da Alaphilippe esprintean bere ihesaldi kideen aurrean. (Jaime REINA / AFP)

Hirugarren egunez jarraian ihesaldiak arrakasta lortu du Vueltan. Gaurkoan, helmuga hartzen zuen Xorret de Catiko paretak erabaki behar zuen etapa eta Sky taldeak, beste behin, baimendu du garaipena ihesaldiko txirrindularien artean jokatzea.

17 txirrindulari elkarrekin iritsi dira %20ko aldapak dituen igoerara eta behe-behetik jo du Rafal Majka poloniarrak. Gurpilari itsasita agertu zaio Alaphilippe, esprinterako arerio txarra. Eta Majkak hanka altxa du. Gelditu. Erasoa. Gelditu. Hala ibili dira igoera guztian zehar. Bien bitartean, Jan Polanc gaztea bere erritmoan igo da, lasterketa buruarekin bat eginez.

Baina azkeneko metrotan Quick-Step taldeko txirrindulariak ez du aurkaririk izan eta urte zail baten ostean garaipen polita lortu du Vueltan.

Tropelean, aldiz, Adam Yates, Michael Woods eta Alberto Contador mugitu dira. Bazirudien Froome sufritzen ari zela. Baina haiengana iritsi eta iritsi bakarrik ez, erasoa ere jo du. Haren atzetik abiatu da Contador eta, sufritu arren, lortu du igoera bukatzearekin batera bere gurpilera iristea.

Aldeak ez dira handiak izan, baina Froomek lidertza sendotu du eta, oraingoz, txirrindulari indartsuena dela argi utzi du.

Bihar aukera berri bat izanen dute, antzeko beste amaiera gogor batekin. Ihesaldia eta sailkapen nagusiko borrokan dabiltzan txirrindularien arteko lehia.