M.U.
ANGELU

Aturri inguruko auzoetan portuak sortzen dituen eragozpenak salatu dituzte

Angeluko auzo kontseiluek airearen kalitatea neurtzeko sistema independente bat plantan ematea galdegin dute, Alain Rousset Akitania Berriko eskualdeko presidenteari igorritako gutun baten bidez.

Urtero 2.330.000 tonatik gora merkantzia garraiatzen dituen Baionako portuak Aturri ibaiaren ertzetako auzoetan sortzen dituen eragozpenen gaineko salaketak ez dira berriak. Izan ere, Angeluko Herriko Etxearen bultzadapean auzo kontseiluak sortu zirenetik –badira hiru urte–, kalte horietaz ohartarazteko ekimenak areagotu egin dira.

Aste honetan hiri horretan auzapezorde eta auzo kontseiluetarako arduraduna den Jean-Paul Ospital eta Ingurumenerako auzapezorde Valerie Dequeker hedabideen aurrean azaldu dira, egoera horren aurrean burutu duten azkeneko desmartxaren berri emateko.

Portuan jarduten duten enpresek sortzen duten harrabots eta kirats maila dela-eta auzokideek sentitzen duten «aspaldiko arrangura» oroitarazteko, Akitania Berria eskualdeko presidenteari gutuna bidali zioten iragan uztailaren 21ean.

Industriek beraiek agintzen dituzten neurketak, zeharka bada ere, kolokan jarriz, airearen eta uraren kalitatea zein zarata neurtzeko «estazio iraunkor eta independentea» plantan emateko eskaera luzatu zioten gutun horren bidez Alain Rousseti, bera baita portuko kudeaketaren ardura duen erakundeko burua.

Txosten bat martxan

Valerie Dequekerrek, bestalde, balantze «aski kritikoa» egin zuen SPPPI sindikatuaren ibilbideari buruz. Izan ere, SPPPI delako horretan enpresak, Aturriren ertzetako udalerriak eta estatu ordezkariak biltzen dira, industria jarduerari dagozkion arriskuen prebentziorako.

Hautetsi angeluarraren esanetan, egitura horren bultzadapean portuak sortzen dituen arazo horien guztien dimentsioa aztertzeko 2012an eskatutako txostenaren emaitzak «inoiz ez dituzte ezagutzera eman».

Portuko jarduerak ez ditu soilik Xiberta, Chambre d’Amour, Brise-Lames, Butte-aux-Cailles, Blancpignon eta Montbrun auzoetako bizilagunak hunkitzen.

Bi hautetsiek nabarmendu zutenez, Baionako auzokideek, baita Tarnose eta Bokalekoek ere, kezka bera dute. Alta, agerraldian angeluarrak soilik izan ziren. Airearen kalitatea eta harrabotsa neurtzeko sistema iraunkor bat ezartzeko egitasmoak herri horien guztien parte-hartzea eskatuko luke.

Auzo kontseilu angeluarrek Alain Rousseti igorritako gutunean zehaztu dutenez, neurketa sistema hori martxan jartzeak 160.000 euroko inbertsioa eskatuko luke, portuko kudeaketaren ardura duen Akitania Berriko Kontseiluak ordaindu beharko lukeena. Estazioaren mantentzea bermatzeko, berriz, beste 16.000 euro ordaindu beharko litzateke urtero. Baiona, Angelu, Tarnose eta Bokale udalerriek kostu hori beren gain hartzea proposatu dute gutunaren egileek.