NAIZ
BILBO

Industriaren defentsan «elkarrekin esku hartuta» jarduteko deia egin du EH Bilduk

EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Maddalen Iriartek, elkartasuna adierazi die Sestaoko La Navaleko langileei eta haien senideei, ontziola hartzekodunen konkutsoan sartuko dela jakin ondoren. Industriaren eta «arriskuan dauden milaka lanpostuen» defentsan «elkarrekin esku hartuta» jarduteko deia egin die alderdi politiko guztiei.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren eleduna Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Maddalen Iriarte, EH Bilduren eleduna Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Sestaoko La Naval hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela publiko egin ondoren, Maddalen Iriarte EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, elkartasuna adierazi die ontziolako langileei eta haien familiei.

Euskal alderdi politiko guztiei ere deia egin die Iriartek, industriaren eta «arriskuan dauden milaka lanpostuen defentsan elkarrekin esku hartuta» jarduteko. 

«Gure herriak ezin du bere industria galdu gure ekonomia eta gure seme-alaben etorkizuna arriskuan jarriz. Hau herri arazoa da», nabarmendu du koalizio subiranistaren eledunak.

Iriarteren aburuz, ahalegin berezia egin behar da teknologiaren eta ikerkuntza, garapen eta berrikuntzaren eremuan inbertitzeko. «Europak Barne Produktu Gordinaren %3a inbertitzea eskatzen duen bitartean, hemen %1,84a inbertitzen da soilik», azaldu du.

Industriari, baina bereziki industria txiki eta ertainari «laguntza osoa» emateko eskatu die euskal erakundeei. «EH Bildu beti izango da hor», nabarmendu du Maddalen Iriartek.