NAIZ
IRUÑEA

Aroztegiaren bultzatzaileek beste salaketa bat jarri dute Baztango Udalaren kontra

Baztango EH Bilduk eta Ezkerrak jakitera eman dutenez Palacio de Aroztegia enpresak Baztango Udal gobernuaren kontrako beste salaketa bat aurkeztu du. Bailarako Udalaren gobernuan dauden bi alderdiek «jazarpen judizialean beste urratsa» eman dela nabarmendu dute.

Aurreko salaketarengatik Elizegi eta Otondo urrian epaitegian deklaratu behar zutelako protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Aurreko salaketarengatik Elizegi eta Otondo urrian epaitegian deklaratu behar zutelako protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

«Oraingoan Tokiko Gobernu Batzordea osatzen duten EH Bildu eta Ezkerrako bortz hautetsien kontra prebarikazio eta diru-publikoaren erabilera makurragatik salaketa paratuz. Zergatik? Ekainaren hasieran Elizondoko plaza Aroztegiako Komantxeei Aroztegiako proiektu urbanistikoaren kontrako kanpaldia egiteko uzteagatik eta horretarako argia emateagatik», azaldu dute gaur Iruñean egin duten agerraldian. 200 etxebezitzatik gora eraiki nahi dituen Aroztegia proiektuak polemika bizia piztu du Baztanen.

«Baztandar guztiek dakiten bezala, Baztango Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen erabakien bidez plaza eta plazako argia zernahi ekitaldi eta hitzordurako uzten ditu: negu sasoian igandearekin egiten diren bailableetarako, bigarren eskuko azoketarako, artisauen ferietarako, esne sektorearen egoera salatzeko manifestazio akaberako ekitaldirako, Blues elkartearen kontzertuetarako, erlijio ebangelistako fededunen bilkuretarako, errege-kabalgatarako, Elizondoko herriari bestetarako… Eta, bistan denez, Aroztegiako proiektu urbanistikoaren sustatzaileek proiektuaren aldeko herritarrek plazan zerbait egin nahiko balute, baimena izanen lukete. Izan ere, herritar ororen esku jartzen ditugu espazio eta plaza publikoak, bereizkeriarik gabe», erran dute.

Palacio de Aroztegia enpresak Garbiñe Elizegi aurreko alkatearen eta Joseba Otondo egungoaren aurka dagoeneko salaketak aurkeztu dituela gogoratu dute.

Erakundeak isilarazteko ahalegina

«Palacio de Aroztegiak bere interes ekonomikoetarat makurtzen diren ordezkariak eta instituzioak nahi ditu. Baina baztandarrak eta, bistan gu, botere ekonomikoetatik independienteak gara eta botere ekonomikoetatik independienteak diren instituzioak nahi eta defenditzen ditugu. Instituzio publikoak herritarrek emandako legitimitate demokratikoan oinarritu behar dira», salatu dute EH Bildu eta Baztango Ezkerrako zinegotziek.

«Instituzio publikoen autonomia aldarrikatzen dugu Sicac funtsetan diruak gordetzen dituzten promotoreen aitzinean edo Fuerteventurako La Olivako desastre urbanistikoaren arduradun izan diren promotoreen aitzinean; hau da, orain Aroztegiako promotoreak direnen aitzinean», nabarmendu dute.