NAIZ

Lopez «superman» izan da Sierra Nevadan

Gaur arte Vueltan lehiatutako bi etapa gogorrenak poltsikoratu ditu Migel Angel «Superman» Lopez kolonbiarrak. Sierra Nevadako gainean irabazi du gaur, eta Froomek ez du arazorik izan maillot gorriari eusteko. [Etapako xehetasunak]

«Superman» Lopez, Sierra Nevadako gainean. (Jose JORDAN/AFP)
«Superman» Lopez, Sierra Nevadako gainean. (Jose JORDAN/AFP)

Etapa laburra izan da igande honetan txirrindulariek Vueltan osatu dutena (129km), laburra bezain gogorra. Hiru mendate igo behar izan dituzte, lehenengo biak lehenengo mailakoak eta hirugarrena kategoria berezikoa, Sierra Nevada gainean amaitu dena.

Asko kostatu da ihesaldia sortzea, eta sortu denean ere ez du bide handirik egin. Romain Bardet, Adam Yates eta Steven Kruijswijk elkartzean osatu da lehenengo saiakera serioa. Atzetik, Miguel Angel Lopezek eta Alberto Contadorrek egin dute aurrera azken aurreko mendatean, amaierarako 26km falta zirela.

Aurrerako bidea egin dute Lopez eta Contadorrek; 22,5km faltan harrapatu dute Bardet eta 15 faltan, azken mendatean sartuta jada, Kruijswijk. Aurretik jarraitzen duen Yatesek; Sierra Nevadako mendatea pelotoiarekiko 1.40 minutuko abantailarekin abiatu du.

Onenen artean Nibali izan da mugitzen ahalegindu den lehena. 13km-ren faltan egin du eraso, baina Mikel Nievek kilometro batzuen ostean erraz harrapatu du. Italiarra harrapatuta, erritmoa igo eta tropel nagusiari astindu ederra eman dio leitzarrak, harik eta 4km-ren faltan hanka altxa duen arte.

Ordurako Lopez zen lasterketaren buruan, 6ren faltan Yates harrapatu eta berehala utzi baitu atzean. Hala, bakarrik egin du helmuga arteko bidea. Tropelean Ilnur Zakarik izan da mugitu den azkena. Kilometro baten faltan egin du eraso errusiarrak, eta tartea zabaltzea lortu du.

Lopezek 36 segundo atera dizkio helmugan Zakarini; honek, berriz, bederatzi atera dizkio Keldermani, eta hamaika Chaves eta Froomi. Ondorioz, sailkapen nagusiko hirugarren postura igo da errusiarra, Keldermanen kaltetan. Lopezek ere gora egin du nagusian, seigarren postuarekin eginez. Gorenean, baina Froomek jarraitzen du; 1.01 ateratzen dio Nibaliri.

Atseden eguna dute bihar txirrindulariek, baina Vuelta erlojupeko luze batekin itzuliko da asteartean.

Errepasatu itzuliko eta gaurko etapako xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.