GARA
DACCA

Myanmarren sarraskiak salatu dituzte ihesi diren rohingyek

Bangladesheko Chittagong hiriko erietxera eraman dituzten rohingya herriko errefuxiatuek Myanmarreko Armada mugaz beste aldean azken asteotan egiten ari den sarraskiak salatu dituzte. Azken 10 egunetan gutxienez 87.000 rohingya iritsi dira Bangladeshera.

Bangladesheko Chittagong hiriko erietxean rohingya herriko 32 lagun hartu dituzte abuztuaren 25ean giroa gaiztotu zenetik, Shilabrata Barua eledunak esplikatu duenez. Horietako bat berehala hil zitzaien, oso larri iritsi baitzen. Zentroan nahikoa espaziorik ez dagoenez, gehienak larrialdien eremuko lurrean jarrita dituzte. Medikuek ez dute izenik eman nahi baina jakinarazi dute gobernuz kanpoko erakunde batek eta herritar batzuek ematen dietela janaria errefuxiatuei.

Iritsi berrien errelatoek krimen larriak deskribatzen dituzte. Mohammad Hossainek Toha semea du erietxean. Kontatu du soldaduek etxean zeudela tiro egin zietela eta semea hartu eta ihes egitea erabaki zuela.

Maungdawetik ihes egin du Moulavi Shakilek: «Abuztuaren 26an Armada nire etxeari su ematera etorri zen. Ihes egiten ari nintzela tiro egin zidaten. Eskuin eskua zauritu zidaten, baina Bangladeshera ontzi txiki batean iristeko gauza izan nintzen, auzoko lagun batzuekin batera». Negarrez erantsi du senide baten laguntza izan duela iristeko, baina etxekoengatik aditu duenak lur jota utzi duela: Armadak semerik zaharrena hil dio. Abu Bakar Siddique 24 urteko gaztea ere Maungdawekoa da. Esan du ostiral hartan dozenaka militar iritsi zirela muga ondoko herrixkara eta etxe guztiak erre zituztela. Berari oin batean egin zioten tiro eta ihes egin zuen, gurasoak atzean utzita: «Ez dut beraien berri». Saddam Hossain herrixka berekoa da eta 22 urte ditu. Berari ere tiro egin zioten. «Hasiera batean Kutupalangeko errefuxiatu kanpalekura joan nintzen, baina zauriak okerrera egin zuen eta senide batzuen laguntzarekin hona etorri naiz».

NBEk atzo eman zituen datuen arabera, rohingya herriko 87.000 kide iritsi dira egunotan Bangladeshera Myanmarreko Rakhine estatuan nagusitu den indarkeriaren eraginez. Abuztuaren 25ean ARSA Arakango Rohingya Salbazio Armadak Poliziaren eta Armadaren aurkako erasoak egin zituen: ehun hildakotik gora, gehienak gerrillariak. Ondoren Armadak kanpaina handi bat jarri zuen abian. Giza eskubideen aldekoek salatu dute epaiketaz kanpoko exekuzioak ere izan direla.

Rakhinen milioi bat rohingya bizi dira, erabat baztertuta. Myanmarrek ez die herritartasuna onartzen, Bangladeshetik etorritako migratzaileak direlakoan.

 

Suu Kyi estutzeko ahaleginak

Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridunak alde batetik eta Indonesiako Gobernuak bestetik, Aung San Suu Kyi Myanmarreko itzalpeko presidentea estutu dute, rohingya gutxiengo musulmanari ematen zaion tratua aldatzeko agindu dezan. Azken erasoak hasi zirenetik ez du adierazpenik egin NLD Demokraziarako Liga Nazionalaren buruak.

«Azken urteotan behin baino gehiagotan salatu izan dut rohingya herriari ematen zaion tratu lotsagarria», adierazi zuen atzo Twitter sare sozialaren bitartez Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridun pakistandarrak. «Sari bera jaso zuen Aung San Suu Kyik ere gauza bera egin dezan zain jarraitzen dut», erantsi zuen.

Myanmarrek Asiako hego-ekialdeko estatu musulmanekin dituen harremanak ere kaltetu ditzake krisiak. Retno Marsudi Indonesiako Atzerri ministroa Naypyidaw Myanmarreko hiriburuan izan zen atzo. Min Aung Hlaing Myanmarreko Indar Armatuetako buruarekin bilera egin zuen, rohingya etniarekiko Armadaren jarrera alda dezan.GARA