NAIZ
BILBO

AEK-k matrikulazio kanpaina abiatu du, «%100 afektiboa» leloarekin

AEK-k 2017/2018 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du ostiral honetan Bilbon, ‘%100 afektiboa’ lelopean, eta gizarteak hiztun berri aktibo gehiago irabazten jarraitzeko helburuarekin.

AEK-ren kanpainaren aurkezpena, gaur Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
AEK-ren kanpainaren aurkezpena, gaur Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak eta Artezkaritza Kontseiluko kideek (Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, Bixente Claverie, Gorka Arbulu eta Xabi Gartzia) eman dute AEKren eskaintzaren berri. Gainera, aurkezpenean, Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko irakasleak ‘Zergatik ikasi euskara eta nola iritsi euskaldun izatera’ dekalogoa aurkeztu du.

Azaldu duenez, euskara ikasteak ez dakar berez euskara erabiltzea, hau da, hiztun berria hiztun aktiboa bihurtzea. Deustuko Unibertsitateak ikerketa batean jaso du zerk eragin duen hiztun berri batzuek jauzi hori egitea, alegia, zein izan diren horretarako giltzarriak.

Bestalde, Mertxe Mugikak azpimarratu du AEK-k «euskara ikasteko eta lantzeko aukerarik onena» eskaintzen diola jendeari. «Gurean, euskara irakasteko modu afektiboa aurkituko du. Erabileran oinarritutako metodologia aintzat hartuta, bizi esperientzia aparta biziko dute, eta lortuko dute etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan egoera hobetzea, bilatzen ari den euskara maila eskuratzea, hau da, euskara ikasteko modu efektiboa topatuko dute», azaldu du.

Ildo horretan, AEKn, haien eskariari erantzungo dion eskaintza aurkituko dutela nabarmendu du: eskolak euskaltegian, autoikaskuntza, on line ikastaroak, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio planak, itzulpen zuzenketa zerbitzua edota ‘Aizu!’ aldizkaria. Aurten, gainera, hiru euskaltegi berri izango dira: irailaren 13an inauguratuko dute Andoaingoa, 15ean Lekunberrikoa eta 26an Urnietakoa.

Bestalde, aurkezpenean gogorazi dute erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek) euskaltegietan matrikulatzeko diru laguntzak ematen dituztela.