NAIZ

Labairun eta Uribarrin gertatutako eraso matxistak gaitzetsi dituzte udal talde politiko guztiek

Bilboko Udaleko talde politiko guztiek Labairun eta Uribarrin gertatutako eraso matxistak salatzen dituen adierazpena kaleratu dute.

Bilboko Udaleko talde politiko guztiek «irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu» nahi izan dute Labairu eta Uribarrin gertatutako eraso matxistengatik.

«Ekintza hauek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez. Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu», salatzen dute adierazpenean.

Aldi berean, Emakumeari baita gertukoei ere, babesa helarazi diete. «Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi gura die bilbotarrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta».

Hori dela eta, Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu. «Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein ekintzaren kontra», azpimarratu dute.

«Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu onartu behar eta haien aurrean ezin gara isildu», gaineratu dute.

Bilboko Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz.