GARA
GAZA

Hamasek Gazan «amore eman beharko du», krisi humanitarioa arintzeko

Palestinaren Aginte Nazionalak bere gobernua Gazan biltzen zuen egun berean zera ohartarazi dio Mahmud Abbas presidenteak Egiptotik Hamasi: ardura guztiak bere eskuetan uzteaz gain, bere milizia indargabetu beharko du. «Ez dut Hizbullah modukorik onartuko Gazan».

PAN Palestinaren Aginte «Nazionalaren» lehen ministroak, Rami Hamdallahk, 2014az geroztik lehen aldiz bildu du bere ministro kontseilua Gazan. Yasser Arafat palestinar agintari historikoa zenaren eta Mahmud Abbas egungo PANen presidentearen irudiak atzean zituela, Hamdallahk zera adierazi zuen bere gobernuaren aurrean: «Hemen gaude zatiketaren garaia albo batera uzteko eta gure nazio proiektua berreskuratzeko, Estatua [palestinarra] eratzeko, hain zuzen ere».

2014an Gazara itzuli zen PAN Israelen azken erasoaldi bortitzaren ondoren (2.500 palestinar erail zituen). Hala ere, bi aldeen arteko berradiskidetzeak gutxi iraun zuen orduan.

Giza egoera larriaren aurretik

Hala ere, eta Hamdallah baikortasuna agertzen saiatu zen arren –«aro historiko baten atarian gaude gure arteko zauriak gainditzen hasi garelako»–, Abbasek berak hitz gogorrak erabili zituen gazatarren egoera humanitarioa behingoz arintzeko dei egin dion Hamasi. «Gobernuak bere ardurak bereganatzen dituenean albo batean utziko ditugu neurriak». PANek, Gaza argindarra lortzeko diru sarrerarik gabe uztea erabaki zuen. Bide batez, funtzionarioak soldatarik gabe utzi zituen.

Bi aldeen «borondate irmorik gabe Estatu palestinarrik ez da izango», aitortu ondoren, alde bakarraren eskaerak aldarrikatu zituen Abbasek. Hauen artean, «guztia, mugak, segurtasuna, ministerioak, guztia PANen eskuetan egon behar da».

«Denek ulertu dezaten, nik ez dut onartuko Libanon Hizbullahren miliziaren adibidea Gazan errepikatzea», ohartarazi zuen Abbasek. Horretarako, Egiptoren laguntza du PANek. Abdelfattah al-Sissiren erregimenak matxinada armatu bati egin behar dio aurre Sinaiko penintsulan, tartean Estatu Islamikoari men egin dioten taldeak daudelarik.

Giro nahasi horretan, eta egoeraz baliatuz, Rafahko muga zaindu beharra aitzakia bezala erabiltzen ari da Kairoko gobernua Hamasen inguruan presioa areagotzeko.