GARA
GASTEIZ

Iruñean atxilotutako errenteriarren gurasoak babestu ditu Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin dute, gazteei «terrorismo» delitua egotzita Auzitegi Nazional espainolean epaitzeko erabakia eta bizi duten egoera salatzeko.

Martxoaren 11n Iruñean atxilotu zituzten lau gazteetatik hiru behin-behineko espetxealdian daude ordutik, eta ekainaren 14an Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazional espainolaren eskuetan utzi zuen afera.

19 eta 20 urteko errenteriarren gurasoek, Julen Mendoza alkatea ondoan zutela, Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun batzordean agerraldia egin zuten atzo. Manifestazio baten bukaeran izandako istiluekin lotzen dituzte gazteok, eta terrorismo delitua egotzita Nafarroako Auzitegiaren eskumenak ukatuz epaitu nahi dituzte Auzitegi Nazional horretan.

Etorkizunaren Alde plataformaren izenean, Legebiltzarrari bizitzen ari direna helarazi nahi izan zioten gurasoek eta eskaera zehatzak ere egin zituzten, hala nola errugabetasun presuntzioa aplikatzea, Nafarroako Auzitegira itzultzea ohiko epaitegian epaitzeko eta behin-behineko espetxealdiari amaiera ematea.

Herritarron giza eskubideak urratzen ari direla azpimarratu zuten: «Estatu espainolean horrelako ekintzak beste prozedura batekin epaitzen dira». Ikasketekin jarraitzeko oztopoak dituztela gaineratu zuten, eta FIES-eko hirugarren erregimenean daudela, deiak zein eskutitzak kontrolatuta.

Batzordearen babesa

Batzordekide guztiek –Alderdi Popularreko Juana Bengoetxeak izan ezik, zeinak ekintzak nork bere gain hartzeko eskatu zuen–, babesa eskaini zieten gurasoei eta egoera aldarazteko prestu agertu ziren.

Legearen neurriz kanpoko interpretazioa egin dela argitu zuten Goirizelaia (EH Bildu), Iturrate (EAJ), Arana (Elkarrekin Ahal Dugu) eta Romero (PSE) batzordekideek. Goirizelaiak, bestalde, ikasketen arazoari irtenbidea ematea ezinbestekoa dela gaineratu zuen.