Asier AIESTARAN

Partizan ia jokoz kanpo uzteko aukera dute bilbotarrek

Belgradeko taldeak jokatutako bi partidak galduegin ditu eta hirugarren porrot batek ia aukerarikgabe utziko luke aurrera egiteko. Carles DuranekTenerifeko «presak» konpondu nahi ditu.

Bilbao Basket saskibaloi egutegi eroaren erdian sartuta dago bete-betean, eta gaur (20.30, ETB1) Partizan talde ezaguna izango da Miribilla bisitatuko duena Eurocup lehiaketaren hirugarren jardunaldian. Lietuvosen aurka irabazi eta Limogesen aurka galdu ostean, gaurko dema garrantzitsua izango da Bilboko taldeak urrats bat gora edo behera egiten duen ikusteko.

Are gehiago, Belgradeko taldeak aurreneko bi neurketak galdu egin dituela kontuan izanda, gaur garaipena lortzeak aurkari bat ia jokoz kanpo utziko luke, sei taldetik lauk sailkapena lortuko duten ligaxka batean. «Egia da jokatutako bi partidak galdu egin dituztela. Gure antza duen taldea da zenbait ezaugarritan. Talde oso gaztea da, nahiz eta hiruzpalau beterano eduki. Limogesen aurka akats txiki bat izan genuen, eta argi dago lau onenen artean sailkatu nahi badugu Partizani irabazi behar diogula. Etxeko partida bakoitzak sekulako garrantzia du aurrera egin ahal izateko», onartu zuen atzo Carles Duran entrenatzaileak.

Partizan ez da jada Euroligan ikara ematen zuen talde hura, are gutxiago bere Pionir beldurgarritik urrun, baina oraindik baditu jokalari onak. Patrick Miller joko antolatzailea (19,5 puntu eta 3 errebote Eurocupen), Nigel Williams-Gross eskolta (16,5 puntu eta 5,5 asistentzia), Vanja Marinkovic hegalekoa (11,5 puntu eta 5,5 errebote) eta bi pibotak, Marko Pecarski (8,5 puntu eta 5 errebote) eta Doko Salic (8 puntu eta 4,5 errebote), dira gizonik aipagarrienak.

«Batez ere bi jokalari amerikarrak. Oso bertikalak dira, puntu asko sartzen dituztenak. Belokivic ere bai, oso ona da nahiz eta lesio asko izan dituen. Eta Marinkovic da talentu aipagarriena. Baina orokorrean horixe, bakarkako talentu handia duen taldea da», nabarmendu zuen Duranek aurkariaz.

Baina Partizanek egingo duenaz baino gehiago, bere taldeak egin dezakeenaz dago arduratuta Bilbao Basketeko entrenatzailea, larunbatean Tenerifen porrot mingarria jaso baitzuten. «Ea egonkortasuna berreskuratzen dugun, azken bi partidetan, batez ere minutu jakin batzuetan, hori galdu egin dugulako».

«Deskonexioak baino, presak egon dira. Denbora behar da gauzok konpontzeko, baina lehiak ez dizu denborarik uzten. Aste hau da adibide. Hori zuzentzeko lanean ari gara eta ea Tenerifen izandako akatsak, batez ere hirugarren laurdenaren amaieran eta azkenaren hasieran, ez ditugun berriz egiten».