Mikel Zubimendi Berastegi

Iranekin akordio nuklearra hautsi eta III. Mundu Gerraren aukera indartu du Donald Trumpek

Trumpek ez du berretsi munduko potentziek eta Iranek lortutako akordio nuklearra eta linboan utzi du honen geroa. Horrela, Ipar Korearekin zabalik duen krisi nuklearrari bigarren bat gehitu dio, munduaren haserrea eraginez, «America First» «America Alone» bilakatuz, potentzialki suntsigarria izan daitekeen gerra bati leihoa irekiz.

Iskanbila eta zarata maite ditu Donald Trumpek. Gatazka iraunkorra, diskurtso eta tuit apokaliptikoak, beren aurka egiteko etsai bila dabil etengabe, dela AEBetako ereserkiaren aurrean belaunikatzen diren kirolari beltzen aurka, dela prentsaren edo bere gobernukideen aurka.

Tonu eta estilo horretan aise aritzen da. Taktika horrek bere jarraitzaileak are gehiago sutzen ditu eta bera gaztetu egiten da, energia berriez indartu. Jokaera hori, jakina, kalkulu hotz baten ondorioa da, etekina ateratzen du; fokuak nahi duen tokietara bideratuz, bere arazo politiko eta judizialetatik aldentzen ditu.

Oraingoan, baina, nazioarteko politikara eraman du jokabide hori, eta Iran jomugan jarriz, berau demonizatuz eta mehatxatuz, Ipar Korearekin zabalduta duen fronte nuklearraz gain, bigarren bat ekarri du mahai gainera. Horrela, oso modu esplizitu eta arriskutsuan munduari desafio egin dio, nazio persiarraren aurkako gerraren aukera berriz ere menuan sartuz.

Teheranek munduko potentziekin (Txina, Errusia, AEBak, Britainia Handia, Frantzia eta Alemania) 2015. urteko uztailean hitzartutako akordioaren arabera, bere programa nuklearra osoki zibila dela eta ez dagoela arma nuklearra eskuratzeari begira guztiz ziurtatzeko mekanismoa indarrean jarri zen. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ikuskatzaile lana egin eta Iranen azpiegitura nuklearra guztiz baketsua dela bermatu ondoren, AEBen eta europarren zigor ekonomikoak kendu behar izan ziren eta duela urtebete pasatxotik egoera horretan daude: kenduta. Ondorioz, kanpoko negozio, komertzio eta inbertsio asko eta handiak bueltan dira Iranen.

Munduko arma hilgarriena ez ugaritzeko azken mende laurdenean egin den lorpen nabarmenena da akordio hori, diplomaziaren arrakasta handiena. Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko buruak berak esan duenez, Iranek historian izan den inspekzio programa sendoena du eta oraingoz bere hitzari eutsi dio. Baina Trump-i boxt axola hori guztia. Etxeko Zuriko areto diplomatikoan lotsagabeki egin zuen agerraldian, bere egoaren eta ideologiaren mesedetan egia eta gertaerak ukatuz, salaketa faltsuak eginez eta asmatutako probokazioz beteriko agerraldian, hau esan zion mundu osoari: Iranek ez du akordioaren «izpiritua» errespetatzen; eta Kongresuaren esku utzi zuen hitzarmena bertan behera uzteko aukera eta berriz ere Iran ekonomikoki zigortzea.

Noragabea eta arriskutsua

Iranekiko etsaitasuna nabarmen areagotu du Trumpek. Ausarkeriazko hitz gogor eta gerrazaleak ahoan, guztiz norarik gabea eta arriskutsua den gobernu bat mundura proiektatuz, Teherani direnak eta bost egotzi dizkio: Ekialde Hurbilean «kaosaren» bultzatzaile izatea, eta, «erregimen fanatiko» izendatuta, «heriotza eta suntsipena» zabaltzea. Atzetik, salaketa zerrenda amaigabea erantsi zuen: «Siriako erregimenaren sarraskiak», bere aliatuen kontrako ziber-erasoak, Persiar golkoan itsas nabigazioa mehatxatzea eta Israelen existentziaren etsai handiena izatea. Areago, eta segur aski denetan arriskutsuena, AEBetako Ogasun Sailari eskatu dio Irango Guardia Iraultzaile Islamiarrari zigor ekonomiko berriak ezartzeko, «erakunde terrorista» delako.

Klausula ilun bat dela medio, beste herrialde bateko indar armatuen parte bat, kasu honetan Guardia Iraultzaile Islamiarra, «erakunde terroristatzat» jotzea aurrekaririk gabeko urratsa da. Zinez oso arriskutsua da hori, txinparta bakar batek sute izugarria eragin dezakeelako, are, kontuan hartzen bada bi herrialdeetako armadak elkarrengandik oso gertu dabiltzala Sirian eta eskualde horretako beste leku askotan.

AEBetako Kongresuak du orain hitza. Izan ere, Obamak Iranekin akordioa izenpetu zuenean Kongresuaren esku utzi zuen hori berrestea. Berez, gehiengo errepublikanoa aurrez aurre zuenez, nazioarteko tratatu baten forma baino, ekintza-plan batena eman zion, Gobernuaren agindu baten bitartez indarrean jarriz. Honen aurrean, Kongresuak lege bat onartu zuen, presidentea 90 egunean behin akordioa betetzen zen ala ez egiaztatzera behartzen zuena. Hala, Iranek akordioa osoki eta gardenki errespetatzen zuela baieztatu behar zuen presidenteak, Iranek ez zuela agiriaren urraketa materialik egiten, ez zuela bere programa nuklearra arma nuklearra eskuratzeari begira garatzen, ez zituela AEBen interes eta ziurtasun nazionala arriskuan jartzen.

Orain, Trumpek akordioa ez duela egiaztatuko esatean, pilota Kongresuari pasatu dio. Ikuskizun dago honek Trumpen bideari jarraituko dion ala ez; izan ere, kontrako iritziak ugariak dira, baita errepublikanoen artean ere. Edonola ere, presidenteak hau iragarri du: kongresuak Teherani zigor ekonomikoak ezartzen ez badizkio berak eramango duela akordio hau purgatorio politikora.

Bi fronteko gerra baterantz?

Esan bezala, arriskuz beteriko mugimendua da Trumpena. AEBetako Kongresuko sektore gerrazaleak hitzarmena bertan behera utziz gero, gerta liteke Iranek akordioari lotuta jarraitzea, Errusia, Txina eta Europarekin bakarrik aurrera segitzea bere interes nazionalak arriskuan ikusten ez dituen heinean. Baina gerta liteke ere, Iranekin negozioak dituzten kanpoko enpresentzat AEBetako merkatua ixten bada, horiek herrialde persiarrarekin harremanak moztea eta Iranek akordioa bertan behera uztea, bere azpiegitura nuklearren ikuskatzaileak herrialdetik kanporatzea eta, inolako mugarik gabe, bere programa nuklearra azkartzea.

Hari beretik tiraka, horrek bultzada eman diezaieke Irango azpiegiturak bonbardatzeko deiei, honek arma nuklearra lortzeko beharrezkoak diren materialak sortu baino lehen. Eta kiribila erabat gaiztotu eta deskontrolatu liteke: Iranen kontrako gerra ireki bateraino. Noiz eta justu Ipar Korearekin has daitekeena ate joka den honetan. Baina AEBek eutsi ahal diezaiokete bi fronteko gerra bati?

Terra incognita batean sartu du mundua Trumpek, geopolitikaren mapetan azaltzen ez den lurralde beldurgarrian. Eta jakina badirela bere jokabidea txalotzen dutenak. Berak gobernurako izendatu dituen militarista gogorrak, think tank neokontserbadoreak (gerren bitartez munduan barrena ikaragarrizko miseria zabaldu dutenak), Israel, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuen aldeko lobbyak. Eta berdin zaio Trumpi bere jokabidearekin uzten duen aurrekaririk gabeko argazki diplomatikoa: AEBak munduko beste potentzien aurka, baita NATOko bere aliatuen eta Europar Batasunaren aurka ere.

Trump administrazioak –Irangoari ez bezala, ez zaio sekula esaten ‘erregimena’ edo ‘diktadura’– ez du unibertsalki onartuak diren arau intelektual eta moralen arrastorik erakutsi, ez du lidergoaren seinalerik eman. Aitzitik, modu harrigarrian, AEBen hegemoniaren gainbehera erlatiboa, desesperatua, aurretik zer egingo duen jakitea ezinezkoa den inperio baten dekadentzia, erakusten du.

Afera honetan Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu da Trumpen jarraitzaile eta xaxatzaile onena. Israelen salbatzaile gisa ikusten du bere burua eta bi aurrekari historiko baditu: 1981ean Menachem Beginek Irakeko azpiegitura nuklearra bonbardatu zuenekoa eta 2007an Ehud Olmertek Siriakoak bonbardatu zituenekoak. Netanyahuk uste du gauza bera egin dezakeela berak Teheranekin, Iranen kontrako erasoa lideratu dezakeela, eta irabazle atera daitekeela. Israelgo Armadak jada prestatua eta entrenatua du eraso plana eta Teheranen kontrako eraso baten aukera ez dago inondik inora ere itxita.

Nork bere burua zauritzea

Trump Etxe Zurira heldu zen lehen momentutik obsesionatuta dago Obamaren legatua suntsitzearekin. Obamaren usaina duen guztia erre nahi duen piromano bat bezala dihardu. AEBetako lehen presidente beltzaren politiken aztarna oro ezabatu beharra dago, horri begira egiten den oro justifikatua dago, berdin da kargu hartzearen ekitaldira hurbildu zen jende kopurua, osasun publiko arloko politika edo klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko hitzarmena. Arrazismotik asko duen obsesio horren zakuan sartu behar da oraingo hau ere, hots, Obamak Iranekin lortutako akordioaren aurkako erasoa.

AEBetako presidentearen jokabide anker eta kalkulatu honek, Irandik harago, mundu osoan utziko ditu ondorioak. Gero eta ugariagoak dira, baita Alderdi Errepublikanoko kongresisten artean, bide beretik jarraituz gero Trumpek mundua Hirugarren Mundu Gerra batera eraman dezakeela uste dutenak.

Bai, munduari desafioka ari da Trump. Eta oso bereziki, AEBetan bertan sumatuko dira bere apustu horren ondorioak. Izan ere, akordioaren leherrarazte hau, nolabait definitu badaiteke, nork bere buruaz beste egitea ez bada, nork bere burua zauritzea da, behinik behin.

Izan ere, ez da bakarrik Trump leloa den «America First» (Amerika aurrena), «America Alone» (Amerika bakarrik) bilakatzeko bidea zabaltzen duela; Txina, Errusia, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania eta Europar Batasun osoa aurka dituela. Ez da soilik AEBen sinesgarritasuna kolokan jartzen duela. Trump bezalako presidente baten erretolika eta tuiten tonuarekin asaldatuta daudenak ikusgarri ugaritzeaz gain, munduan konbentzimendu bat hedatzen du: AEBek ez dute hitzik, ez dira fidagarriak, ezin dira nazioarteko akordio multilateraletara lotu. Eta kezkaz, mundu osoak egiten duen galdera hauxe da: Iranekin egin duena ikusita, zertarako negoziatuko du Ipar Koreak akordio nuklear bat AEBekin?

Bere purrustei barre egitea eta bere aginduak otzan onartzea nahi duen egozentriko lotsagabea da Trump. Etsaiak fabrikatzeko makina arriskutsua. Gelditu eta hondatu beharreko makina bat da, mundu mailako bake mekanismo guztiak suntsituko dituen hurakan bat bilakatu baino lehen.